Ukrainako bi pentsamolde kontrajarriak aurrez aurre eta emaitzetan berdinduta daudela erakusten dute hauteskundeetako emaitzek, baina ez da horren erraza irakurketa, gobernuaren kudeaketa txarrak eraman baitu herritar asko oposizioaren alde egitera. Ekialdeko eta hegoaldeko boto-emaileek, hala ere, oposizioko buruaren alde egin dute, eta iparraldeko eta mendebaldekoek lehen ministroaren alde. Parte-hartzea %69koa izan da, lehen itzulian baino handiagoa, eta horien artean %5ek baino gehiagok bi hautagaitzen kontra egin dute -aukera hori zegoen-. Hauteskundeak galduta ere, baina, boterea izaten jarraituko du lehen ministroaren alderdiak. «Janukovitxek garaipena lortu du, baina ez gobernatzeko giltza», Vladimir Dolin analistaren arabera.
Kanpaina erasokorra
Lehen itzulian alde handia atera zuen Janukovitxek, baina Timoxenkok egin duen kanpaina erasokorrak botoak eman dizkio,ia-ia berdintzeraino. Janukovitxek, berriz, nahiago izan du lasai antzera ibili, garailearen segurtasuna erakutsi, eta arerioarekin aurrez aurrekoak alboratu egin ditu.
Timoxenkok gaur emango du datozen egunetako estrategiaren berri, baina dagoeneko aurreratu du iruzurra salatuko duela; haren kanpaina arduradunak esan duenez, «iruzur nahiko larriak egon dira». Nazioarteko begiraleek, baina, ez dute hori uste. «Dena ondo joan da, eta ez dugu arazoak egon direla esaten diguten erakuslerik». Joao Soaresek bozak ikuskatu dituen nazioarteko batzordearen izenean hitz egin du. ESKE Europako Segurtasun eta Kooperaziorako Erakundeak ere «gardentasun demokratikoaz» mintzatu da, trantsizioa «modu baketsuan» egin dela zehaztuz: «Demokraziaren erakustaldia itzela egin dute»
Kanpaina osoan tentsio handia egon da, eta duela bost urtekoa berriro gerta zitekeela uste izan dute askok. Janukovitxen jarraitzaile batzuk hiriburuko kaleetan izan dira, eta baita lehen ministroaren aldekoak ere. Kieveko alkateak, baina, mitinak eta protestak debekatu ditu iraultza leherrarazi zen gunean, liskarrak saiheste aldera.
2004ko iraultza itxaropentsu hartan batu zirenak banatuta daude egun; Viktor Juxenko jokoz kanpo geratu zen lehen itzulian, eta orain Janukovitxekinnegoziatzen ari direla salatu du Timoxenkok. Lehen ministroaren borroka suspertzeko diru iturriak, berriz, izoztu egin dizkiote gobernukideek; ekonomiak ez du horretarako aukerarik ematen, aspaldiko krisi okerrenean sartu baitu herrialdea gobernuaren kudeaketak.
Soslaia
Viktor JanukovitxErrusiarren lagun mina
Ez da txarra Errusiaren aldeko jarrera izatea, alderantziz: denoi egin digu kalte urteotan Errusiarekin Ukrainak izan duen merkataritza harreman murrizketak». Viktor Janukovitxek ez du ezkutatzen zein aldetara egiten duen, eta gainera, uste du oposizioan egon den bitartean gobernua errusiarrekiko urruntzeak ez duela batere onurarik ekarri. «Bozak irabazi eta lehenengo gauza Errusiarekin ditugun hitzarmenak begiratzea izango da». Eta bozak irabazi ditu: «Garai berria izango da Ukrainarentzat». Vladimir Putinek ere argi egin du Janukovitxen alde.Babes handiena Ukrainako errusiar hiztunengandik jaso du presidente hautatu berriak, baina, azkenaldian Europako Batasunarekin harremanaz askotan hitz egin du: «Ez da batekin edo bestearekin ezkontzea kontua. Gure interesen alde Errusiarekin,bai, baina Europako Batasunarekin ere harreman sendoak behar ditugu». Bere jardun politikoa 2004tik asko aldatu dela esan du: «Politika orekatua egiten jarraitu dut. EBra Ukraina sartzeko asmoa gure estrategiaren parte da».
Azken batean, beste irudi bat marraztu du azkenaldian, pragmatikoaren itxura eman nahian, «egonkortasun politikoa eta hazkunde ekonomikoa» lortu ahal izateko. Azken gobernuak lur jota utzi baitu burua ezin altxa etengabean dagoen herria.
Langileen familia batean jaio zen Viktor Janukovitx 1950ean, Ukraina ekialdean, Jenakijevon. Amonak hazi zuen, eta jatekoa ere ozta-ozta izan zuen haurtzaroan: «Umetan nire ametsik handiena pobrezia amaitzea zen».
Gaztaroan bi aldiz egon zen espetxean, lapurretagatik eta eraso larriengatik, eta izaera gogorra duela diote. Mafiarekin aritzeko eta haiek gidatzeko gaitasuna ere aitortzen diote; haren ibilbide politikoan iragan hori baieztatzen duten dokumentuak desagerrarazi izana leporatzen badiote ere.
Bere ibilbidea ikatz meatze batean hasi zuen, arduradun egin zutenean, Sobiet Batasun ohian. 1997an Donetseko gobernadore izan zen, 2002 arte. Han zela, segurtasun ekonomikoa ekarri ziola eskualdeari esaten dute haren jarraitzaileek, eta kontrakoek, berriz, negozio ustelak barra-barra zebiltzala. Ondoren lehen ministro izan zen; 2002ko azarotik 2004ko abendura eta2006ko abuztutik 2007ko azarora.
2004ko Iraultza Laranjaren galtzaileak, beraz, lanean jarraitu eta boterea berreskuratu du. Viktor Juxenkoren hauteskundeetako garaipenaren iruzurra salatu zuen orduan, baina horrek mugimendu laranja eragin zuen, eta bozak berriz eginda, Juxenkok irabazi zuen. Orduan burumakur ateratakoak ez zuen etsi, eta gobernuaren jardun txarrak beste aukera bat eman dio orain. A.M