Atzoko sua ez da itzali Kieven. Independentziaren plazan oposizioak ezarri duen lubakiaren lehen lerroan manifestari armatuak daude, zain, eta haien atzean jendetza dago handik ateratzeko asmorik erakutsi gabe. Ukrainako Gobernuak agindua du handik ateratzeko, eta oposizioko politikariei eskatu die "eskuin muturrekoengandik aldentzeko", izan ere, Kieven ustez, eskuin muturrekoak dira gobernuaren eraikinak suntsitu eta tiroka ari direnak. AEBek eta Europako Batasunak, ordea, besterik pentsatzen dute, Janukovitx eta bere gobernuko hainbat buruzagiri isunak ezartzeko eginbeharrak azkartzen ari baitira.
Alexandr Jakimenko Ukrainako Segurtasun Zerbitzuko buruak eman du agindua "muturreko taldeak gidatzen ari diren indakeria ekintzen kontra" egiteko. "Herrialdeko leku askotan gobernuaren eraikinak hartzen ari dira, komisariak, segurtasun zerbitzutako bulegoak, fiskaltzak, unitate militarrak eta arsenalak".
Mendebaldearen ustez, baina, Ukrainaren kontra urrats bat egiteko garaia heldu da. Europako Batasunak martxan jarri du ezohiko prozedura zigorrak ezartzeko, eta Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak estatu kideei eskatu die onar dezatela Catherine Ashton goi mandatariak isunei buruz egindako proposamena. Bihar bertan onar ditzakete isunak.
Bien bitartean, François Hollande Frantziako presidenteak eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak aurreratu dute bihar gertatuko dena: "Poliziaren indarkeriaren erantzuleek zigorra" izango dutela esan dute, eta, Ukrainak "trantsizio politikoa bizi dezan ahaleginduko" direla. Atzerri ministroen bileraren aurretik joango dira Kievera Frantziako, Alemaniako eta Poloniako Atzerri ministroa.
Zuzeneko irudiak Kieveko Independentzia plazatik.
[Youtube]http://www.youtube.com/watch?v=4Efe4nfhmfg[/Youtube]
Ashtonen proposamenak "gertatutakoen arduradun politikoak" zigortzea du helburu, alegia, besteak beste Janukovitx presidentea. Ukrainatik kanpo ez joaten uzteko erabakia edota haren ondasunak blokeatzekoa aztertzen ari dira.
Errusiak, berriz, oso bestelako iritzia dauka gertatzen ari denaz, Mendebaldeak ez bezala oposizioan jarri baitu indarkeriaren fokoa: "Estatu kolpe bat ematen saiatzea" leporatu die manifestariei, hala nola haiek babesten dituzten nazioarteko herriei. Dmitri Peskov Errusiako Gobernuko bozeramaileak gaitzetsi egin ditu Ukrainan gertatzen ari diren liskarrak, eta oposizioari egotzi dio lortutako akordioak hautsi izana.
Eskuin muturra
Viktor Janukovitx Ukrainako presidentea oposizioko buruei mintzatu zaie. Eskatu die aldentzeko istiluak eragiten ari diren muturreko taldeetatik, eta gatazka oraindik ere konpon daiekeela uste du. Nolanahi ere, kritikatu du oposizioko buruzagi batzuek herritarrei dei egin izana armak hartzera, eta hitz horiengatik auzitara eramango dituela jakinarazi du.
"Muga guztiak gianditu ditutzte, jendea armetara deituz. Eta hori lege urratze larria da. Kriminalek justiziaren aurrean agertu behar dute, eta hark zigorra zehaztu. Ez da nire nahiera, nire betebeharra da konstituzioaren bermatzaile gisa", azaldu du.
Bien bitertean istiluek ez dute etenik. Gora doa Ukrainako hildako lagunen kopurua. Atzo iluntzerako hamahiru pertsona hil ziren Kieveko Independentzia plazako liskarretan, eta gaur goizerako 25era igo da kopuru hori: protestan ari ziren hamasei eta bederatzi polizia, Ukrainako Barne Ministerioaren eta osasun zerbitzuen arabera. Gau osoan aritu dira borrokan Independentzia plazan. Besteak beste, Viatxeslav Veremei Vesti egunkariko kazetaria hil dute tiroz muturreko taldeek. Horrez gain, Barne Ministerioaren arabera, 349 polizia zauritu dira, horietatik 74 balaz.