Ukrainarrek tentsio giroan aukeratuko dute presidente berria

Lehen itzulia Janukovitxek irabazi zuen arren, inkestek ez diote ezer garbirik; bi hautagaiek aukera berdintsuak dituzte

2010eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Ukrainarrek presidente berria aukeratuko dute gaur. Julia Timoxenko lehen ministroa edo Viktor Janukovitx oposizioko burua. Duela bost urte gertatu zen modura, gaur ere bitan zatituko da herrialdea Viktor Justxenko egungo presidentearen ordezkoa hautatzeko. Estua izango da lehia. Urtarrilaren 17an, hauteskundeetako lehen itzulian, Janukovitx izan zen irabazlea, botoen %35,32rekin. Timoxenkok botoen %24,36 eskuratu zituen. Azken egunotan plazaratu dituzten inkestek, berriz, ez diote ezer garbirik, batzuek batari eta besteek besteari ematen baitiote garaipena.

Bi hautagaiek arrakasta berdintsua izanik, duela bost urteko gertaerak errepikatuko diren beldur, Kieveko Administrazio Auzitegiak debekatu egin du Independentzia plazan elkarretaratzea. Hain justu, gune hori izan zen Iraultza Laranjaren agertoki nagusia. Orduan,hauteskundeetan iruzur egin zutelakoan, boteretik kendu zituzten Janukovitx eta haren alderdikideak, Timoxenkoren alderdiaren mesedetan.

Janukovitxen irudiko, ezinezkoa da duela bost urteko protesta jendetsu haiek berriz egitea. Baina, badaezpada ere, adituek ez dute ezer ziurtatu nahi. Irabazlearen eta galtzailearen arteko aldea oso txikia izango balitz galtzailearen aldekoek emaitzak ez onartzeko eta kalera ateratzeko aukerak daudela uste dute. Timoxenkok berak ere dagoeneko aurreratu du hala izango dela iruzur zantzurik atzemango balu.

Herenegun Viktor Justxenko presidenteak onartutako Hauteskunde Lege berri batek sortu ditu iruzur susmoak Timoxenkoren aldekoengan. Orain arte, botoak kontatzeko orduan, ezinbestekoa zen hautagai guztien ordezkariak presente egotea. Aurrerantzean, ordea, ez da beharrezkoa izango. Timoxenkoren aburuz, aldaketa horrek iruzurrerako bidea eman diezaiekete Janukovitxen aldekoei. Janukovitxentzat, kexa horiek ahultasunaren eta desesperazioaren seinale dira, galtzailearen beldurrak.

Zuria eta beltza

Inkestek parean jartzen dituzten arren, zalantza gutxirako bidea ematen dute Janukovitxek eta Timoxenkok, zuria eta beltza baitira, zeharo diferenteak. Janukovitx Errusiarekin lankidetza indartzearen aldekoa da, Europako Batasunarekin merkataritza askeko hitzarmena egiteko prest agertu da, baina NATO edo besteedozein bloke militarretan sartzearen kontra dago. Timoxenkok, aldiz, harreman praktikoak nahi ditu Errusiarekin, NATOn sartu ala ez erabakitzeko erreferenduma egitearen aldekoa da, eta bost urtean Ukraina EBko kide izango dela agindu du.

2004an lehen ministro kargua lortu zuen Janukovitxek. Baina, erreboltak tarteko, kargua galdu eta oposizioan gelditu zen. Horregatik, errebantxa gosez aurkeztu da aurtengo hauteskundeetara. Eta boterea lortzeko are irrika handiagoa du aurkaria nor duen jakinda. Izan ere, Julia Timoxenko izan zen duela bost urteko errebolta haren aitzindarietako bat. Iraultza Laranjaren ondorioz, Viktor Justxenkok hartu zuen herrialdeko gidaritza, Timoxenko lehen ministroak lagunduta.

Adituen usteak betetzen badira, Ukraina ekialdeko eskualdeetan, hots, eskualde jendetsu eta aberatsenetan, Janukovitx aterako da garaile. Harentzat izango dira errusiar jatorriko zortzi milioi lagunen botoak ere. Kiev inguruan eta herrialdearen erdialdeko eta mendebaldeko eskualdeetan, berriz, Timoxenkoren hautagaitza babestuko dute gehienek. Dena dela, ekialdeko boto batzuk jasotzea ere espero du, han jaioa delako bera.

Hauteskunde kanpainak iraun duen hiru asteotan bi hautagaiek sekulako ahaleginak egin dituzte Sergei Tigipko banku sektoreko magnatearen babesa lortzeko, lehen itzulian harentzat izan baitzirenbotoen %13,05. Baina ez batari eta ez besteari, jendaurrean behintzat bietako inori ez dio babesik azaldu. Hala ere, Timoxenkok egin dion eskaintza Janukovitxek egindakoa baino interesgarriagoa iruditu zaiola esan du, babesaren truke lehen ministro kargua eskaini baitio.

Kanpaina gogorra egin dute biek ala biek, elkarrenganako eraso zuzenekin. Oposizioko buruak iraganean legearekin izandako arazoak gogorarazi ditu Timoxenkok. Janukovitxek, berriz, behin baino gehiagotan kritikatu du lehen ministroak krisiaren garaian egin duen kudeaketa, «penagarria» izan dela iritzita.

Promesak promes, Ukrainako egoera ekonomiko txarra ikusita, herritarrek herrialdea egokien kudeatzeko gai denaren alde egingo dute. Adituek hori uste dute behintzat. Nazkatuta daude populismoarekin eta ustelkeriarekin, eta estututa arazo ekonomikoekin. Beraz, Errusiaren eta Europaren artean aukeratzeko lehia alde batera utzi, eta herrialdea krisitik ateratzeari emango diote lehentasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.