Israelgo Defentsa ministro Ehud Barakek armadari agindu dio orain arte soldaduska egiteko salbuetsitako gazte ultraortodoxoen informazioa prozesatzeko. Atzo arte indarrean egondako Tal Legeak aukera eman die ultraortodoxoei zerbitzu militarra atzeratzeko, baina Israelgo Auzitegi Gorenak «lege diskriminatzailea» zela ebatzi ostean, Benjamin Netanyahu lehen ministroak soldaduskari buruzko legedi berria ezarri behar du. Hain justu, ordezko legearen inguruko ezadostasunak Kadima alderdiak Likudekin zuen gobernu koalizioa apurtzea eragin zuen duela aste batzuk. Araudia prest egon arte, hilabeteko epean aldi baterako plana egiteko eskatu dio Barakek armadari, 16 urtetik gorako denei soldaduskarako deia egiteko aginduta.
Hala, Israelgo Maariv egunkariak berri eman duenez, armadak eskaera igorriko die milaka gazte ultraortodoxori, zerbitzu militarrean izena emateko. Defentsa ministroak «garai garrantzitsua» dela adierazi du orain arteko egoera «berriz ez errepikatzeko». Bestalde, plana diseinatzerakoan hainbat gauza kontuan hartzeko eskatu dio Barakek armadari; tartean, Auzitegi Gorenaren ebazpena, soldadugaien gaitasunak edota armadaren baldintzak eta beharrak. Hala ere, azpimarratu egin du zerbitzu militarraren pisua «herritar guztien artean» banatzeko printzipioa. Edozein eratara, Maariv egunkariaren arabera, oraingoz ez da alderik sumatu zerbitzu militarrean izena emateko bulegoetan. Hain justu, Eliezer Stern Armadako Kideen Departamentuko komandante ohiak eskatu du «inork ez dezala espero izen ematean ultraortodoxoen komunitateko gazte olderik», eta ihardetsi du «denak lehen bezala» jarraituko duela. Komunitate ultraortodoxoko gazteek soldaduska egiteko deialdiari muzin eginez gero, Barakek ez du zehaztu armadak zein neurri hartuko dituen.
Baina deialdia jasoko duten gehienek zerbitzuan izena emanda ere, arazoak sortuko lirateke. Soldaduska ultraortodoxoen ohituretara egokitu beharko luke armadak; izan ere, haien sinesmen erlijiosoak ezinbestekotzat jotzen du emakumezkoak eta gizonezkoak bananduta egotea, haien komunitateko errabinoek ikuskatutakoa jatea eta otoitz eta ikasketa tarteak bermatuko dituen ordutegia izatea. Horiek dira azken hamar urteetan Netzaj Yehuda batailoi ultraortodoxoa zerbitzatu duten 2.400 soldaduk izandako zailtasunak. Hargatik, espero da soldaduskan izena emango luketen ultraortodoxoak funtzio teknologiko eta logistikoetara bideratuko dituztela.
Sei hamarkadako intsumisioa
Ultraortodoxoak zerbitzu militarretik salbuesteko neurria Israelen fundatzaile David Ben Gurionek ezarri zuen 1951n, eta 2002an bihurtu zen lege, Tal izena hartuta. Tarteko urte horietan, ultraortodoxoen kasuak unean uneko beharraren arabera arautzen ziren. Tal Legearen arabera, komunitate ultraortodoxoko gizonezkoek aski zuten adieraztea «Tora liburu sakratua ikasten» pasatzen zutela eguna. Emakumezkoek, berriz, azaldu behar zuten «erlijiosoak» zirela eta soldaduska baino nahiago zutela euren jarduera «komunitatearen zerbitzuan» jartzea. Estatistiken arabera,Israelgo gainerako gizonezkoek 36 hilabeteko zerbitzu militarra eta emakumezkoek 24 hilabetekoa egiten dute, eta urtero soldaduska egiteko adina duten 8.500 ultraortodoxo, berriz, zerbitzu militarretik kanpo geratu ahal izan dira.
Ultraortodoxoek ere soldaduska egin beharko dute aurrerantzean, Israelen
Ehud Barak Defentsa ministroak armadari agindu dio 16 urtetik gorako gazte guztiei deialdia egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu