Munduko monolitorik handienetako bat da Uluru, Australia erdialdean dagoen hareharrizko mendi bat. 348 metro garai da, eta era ikusgarrian ageri da, desertuzko ordeka batean zut. Hori dela eta, Uluru-Kata Tjuta parke nazionalean gehien bisitaturiko tokietako bat da. Azken egunetan, baina, ohi baino bisitari gehiago izan dira han. Ulurura igotzeko debekua indarrean sartu aurretik haren tontorrera igotzen ahalegindu nahi izan du turista ugarik. Hori dela eta, ilara luzeak eta jende pilaketak sortu dira mendiaren maldetan eta magalean. Irudiek askori ekarri dizkiete gogora Everesteko tontorrean joan den maiatzean sortu ziren ilarak.
Monolito erraldoi eta ikusgarria izateaz gain, Uluru mendiak esanahi sakratua du inguru horretako indigenentzat. Anangu herriak munduaren sorrerarekin lotzen du mendia. Horien arabera, iraganeko lehen izakiek munduaren sorreran egin zituzten lorpenen froga da Ululu. Indigenek urteetan eskatu diete turistei mendira ez igotzeko, beraientzat duen esanahi bereziarengatik, eta mendiaren oinean hainbat kartel daude mezu horrekin.
LUKAS COCH / EFE
Uluru-Kata Tjuta parke nazionalak 2017an erabaki zuen mendi horretara igotzeko debekua ezartzea. Aho batez onartu zuten neurria. Uluru mendiak indigenentzat sakratua izatea ez da izan erabakia hartzeko arrazoi bakarra. Ingurumen eta segurtasun arrazoiek izan dute eraginik. Izan ere, 1950eko hamarkadaz geroztik, dozenaka izan dira gailurrera igotzeko ahaleginean hil direnak. Igoera arriskutsua izan ohi da askotan, haizeak gogor jotzen duelako. Beroarengatik ere hil dira beste hainbat. Udan 47 gradura arteko tenperaturak izan ohi dira. Horrez gain, malda makurrek eta zoru irristakorrak kontuan hartzekoak dira. Iaz, turista japoniar bat hil zen maldarik handienetako batetik igotzen ahalegintzen ari zela.
Debekua iragarri zenetik, nabarmen handitu da Uluru gainera igotzeko asmoz joan diren turisten kopurua, eta jende jarioa are handiagoa izan da azken egunotan. Inguruko kanpalekuak eta hotelak beteta egon dira, eta hainbat turistak toki debekatuetan kanpatu dute. Tokiko biztanleak kexu agertu dira turistek utzitako zabor hondakinengatik.
LUCAS COCH / EFE
Debekua indarrean dago jada. Ulurun 16:00ak zirenean itxi dituzte bideak, eta parkeko arduradunek iragarri dute berehala erretiratuko dutela gailurrera igotzen laguntzeko jarri zen metalezko kablea. Neurri horrekin, amaiera jarriko zaio Anangu indigenen urteetako ezinegonari. Jendearen errespetu falta salatu dute, eta Ululu beraientzako toki sakratua dela nabarmendu. "Gure eliza bezalakoa da", adierazi du gaur Ululu inguruan zegoen indigenetako batek.