Umberto Bossik Italiako Lega Nordeko idazkari federal kargutik dimisioa eman du gaur, ustezko ustelkeria kasu bategatik. Alderdiko diruzain Francesco Belsitori estatuaren diruaz jabetzea eta iruzur egitea leporatzen diote, kasua auzibidean da, eta Bossik kargua uztea erabaki du, Lega Nordek Milanen egindako bileran.
"Lehentasuna alderdiak du", esan du Bossik bileran, Matteo Salvini Milango hautetsiaren arabera. Zuzendaritzak ondoren presidente izendatu du Bossi, baina kargu sinbolikoa da.
Roberto Calderoli eta Roberto Maroni ministro ohiek eta Manuela dal Lago diputatuak hartuko dute alderdiko ardura. Stefano Stefani jarri dute diruzain.
Italiako Gobernuan Erreformetarako ministro izana da Bossi, presidente Silvio Berlusconi zenean. Lega Norde 1991n sortu zuen, Italiarekiko independentzia lortzeko asmoz.