Kenyan ehunka irakasle kanporatu dituzte haurrei sexu abusuak egiteagatik. Orotara 550 irakasle kaleratu dituzte aurten, eta beste 600 kanporatu zituzten iaz. Irakasleei 12 eta 15 urte arteko haurrak bortxatzea leporatu diete; neskato gehienak haurdun gelditu dira. Ahmed Hussein Genero, Haur eta Giza Garapenerako Ministerioko kideak jakinarazi du arazoa aurreikusitakoa baino larriagoa dela, eta herrialdean zehar isilpean aritzeko eratutako sare bati esker izan dutela gertatutakoaren berri. Nekazari eremuetako eskoletan gertatu dira sexu abusu gehienak. «Lehen zailtasun handiak genituen herrialdeko bazter askotan gertatzen zenaz ohartzeko, komunikazioa oso kaskarra zen, baina egun sakelako telefonoei esker eskura dugu dena».
Kenyako hezkuntza sisteman 240.000 irakasle ari dira, eta sexu abusuak egiten dituztenen kopurua handiago izan daitekeela ohartarazi dute agintariek; izan ere, maiz isilpean geratzen dira abusuak. Ibrahim Hussein Irakaslegoaren Batzordeko presidenteak, bada, mezu bat bidali die herrixketako komunitateei eta haurren senideei elkarlanean aritzeko. Haren ustez, kanporatutako eta epaileen aurrera eramandako irakasleen kopurua oso urria da, tartean irakasleek beraiek bortxatutako haurren gurasoei dirua ematen dietelako isilik egon daitezen eta epaitu ez ditzaten. «Ez da bidezkoa irakasleek hori egitea; heziketa jasotzeko uzten ditugu neskatoak haien eskuetan, eta, hori egin beharren, euren hezkuntza prozesua eteten dute». Haurdun gelditu diren neskatoen kasuan, behin erditzen direnean, beste eskola batera bideratzea gomendatu diete agintariek gurasoei estigmatizatuak izan ez daitezen.
Kenyako Gobernuak adierazi du berdintasun kanpaina ugari jarri dituztela martxan azken urteetan, baina, hala ere, neskak baztertuta daudela mutilekin alderatuta; lehen hezkuntzako azken urteetan eskolara joaten diren haur gehienak mutilak direla jakinarazi du San Ongeri Hezkuntza ministroak.
Umeak bortxatu eta haurdun uzteagatik ehunka irakasle kanporatu dituzte Kenyan
Nekazari eremuetako eskoletako 12 eta 15 urte arteko haurrekin sexu abusuak egin dituzte azken bi urteotan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu