UMP, bere bidearen bila

Kontserbadoreak hondoratu egin dira bozetan. Orain, epe ertainerako gidaritza eta norabidea erabaki behar dute, eta eskuin muturrarekiko harremana.

Jon Fernandez.
2012ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Gure balioak argitu behar ditugu». Alain Juppe Frantziako lehen ministro ohi kontserbadoreak galduta ikusten du UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasuna, eta hausnartzeko eskatu die alderdikideei. Kontserbadoreen alderdia hondoratu egin da azken hauteskundeetan, bai presidentetzakoetan bai legebiltzarrerakoetan. Nicolas Sarkozyren agurraren ostean, gainera, lider indartsu barik eta norabide argi barik geratu da mugimendua. Bereziki eskuin muturrarengana gehiegi hurbiltzearen arriskuez ohartarazi du Juppek, eta Fronte Nazionaletik bereizketa garbia egin beharra nabarmendu du.

UMPren etorkizuneko balioak «nazioari atxikitzea» izan behar du, baina «integrazio arrakastatsuan» oinarritutakoa, lehen ministro ohiaren ustez. «Eta horrek xenofobia eta islamofobia baztertzea eskatzen du». Horixe da, hain zuzen, UMPren eta FNren arteko «oinarrizko bereizketa». Haren iritziz, boto-emaile kontserbadoreak nahastu egiten dira UMPko hainbat ordezkarik eskuin muturraren balioak bere gain hartzen dituztenean.

Hala ere, kontserbadoreek eskuin muturrerantz egindako biratzea orokorra izan da Sarkozy 2007an boterera iritsi zenez geroztik. Eta aurtengo hauteskunde kanpainan areagotu egin da hurbilketa. Eskuin muturraren erretorika eta gaiak bereganatu dituzte: nortasun nazionala, etorkinen kontrako borroka, mugak gogortzea...

Le Penen iloba

Kontserbadoreen mugimenduaren barruan badaude eskuin muturra besarkatu nahi dutenak, eta Marine Le Penek ere horixe nahi du, UMP zatitu eta berak gidatzea eskuinaren berregituraketa. Le Pen bera Asanblea Nazionaletik kanpo geratu arren, bi diputatu lortu ditu, eta Marion Marechal Le Pen izango da horietako bat, 22 urteko bere iloba. V. Errepublikako diputatu gazteena bihurtu da, eta lependarren sagak jarraipena duela erakutsi du.

Galdutako indarra berreskuratzeko, bere bidea aurkitu nahi du UMPk, eta urrirako deitu dute alderdiaren geroa eta gidaritza erabakitzeko konferentziara. Kinieletan Jean-François Cope alderdiko behin-behineko burua, François Fillon lehen ministro ohia eta Juppe dira hiru izen indartsuenak. Nolanahi ere, ezer ez dago argi. Duda-mudakoa eta luzea da kontserbadoreek egiteko duten bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.