Ezkerrak Frantziako Senatuan lortutako gehiengo historikoaren biharamunean, Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea François Fillon lehen ministroarekin eta Jean-François Cope alderdiko idazkari nagusiarekin bildu da porrotaren zergatiak aztertzeko. UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasuna alderdiaren barruan, gehienek eskuinaren zatiketari egotzi diote sozialisten garaipena.
Europe 1 irratiaren arabera, Fillonek aurkitu du UMPren gainbeheraren erruduna: Cope. Izan ere, alderdiko idazkari nagusiari disidenteekin gogor jokatu ez izana kritikatu dio lehen ministroak. Era horretan zerrenda paraleloak sortu dituztela azaldu du Fillonek, eskuinaren zatiketa areagotuz. Horrexegatik, batasunerako deia egin die alderdikideei.
Nathalie Kosciusko-Morizet Ekologia ministroak eta Chantal Jouanno Kiroletako ministroak ere eskuinaren zatiketari egotzi diote senatuaren kontrola galdu izana. Jendeak pentsatzen duenaren kontra, «eskuinak diziplina falta izugarria» duela gaineratu du Kosciusko-Morizetek.
Senatuko 348 eserlekutatik 136 besterik ez ditu lortu Sarkozyren alderdiak; 2008ko bozetan baino hamabost gutxiago, hain justu. Sozialistek, berriz, 143 eserleku dituzte orain, azken bozetan baino 21 gehiago. Hori horrela, ekologistekin eta komunistekin bat eginda goi ganberaren kontrola eskuratu dute. 1958an V. Errepublika sortu zutenetik, hain justu, ez da Senatua ezkerraren eskuetan egon. François Hollande PS alderdi sozialistaren presidentetzarako hautagaiak «gertakari historikoa» dela adierazi du. Igandeko bozetan Senatuko eserlekuen erdiak hautatu dituzte datozen sei urteetarako, eta 71.890 hautetsik eman dutehorretarako botoa.
Defentsa ministro Gerard Longetek, bestalde, UMPren gainbehera aspalditik datorren kontua dela gogorarazi du. Herrialdearen mendebaldean babes asko galdu dutela nabarmendu du, moderatuak konbentzitzea lortu ez dutelako: «Jada ez dugu bastioirik».
Hori horrela, UMPren beherakadak ez du inor harritu. Igande gauean, emaitzak jakin berritan alderdiko idazkari nagusiak jakinarazi bezala, 2004az geroztik UMPk udal hauteskundeetan porrotak jasan ditu bata bestearen atzetik. Fillonek ere gertatu dena aurreikusi zitekeela adierazi du.
Udaberriko bozei begira
UMP alderdia, baina, igandeko bozei garrantzia kentzen saiatu da, Senatuaren kontrola galtzeak egungo gobernuaren kudeaketari gehiegi eragingo ez diola nabarmenduz. «Emaitzak ez du nazio politikan eragin zuzenik», adierazi du Patrick Ollier UMPko kideak. Eta hemendik zazpi hilabetetara egingo dituzten presidentetzarako hauteskundeetan iltzatu dituzte begiak. «Udaberria izango da egiaren garaia», nabarmendu du lehen ministroak.
Porrotak gobernuaren kudeaketa zalantzan jartzen ez duela uste du Copek ere, eta gertakariari garrantzia kentzen saiatu da idazkari nagusia ere. «Presidentetzarako bozetan hautesle guztiek hartuko dute parte», adierazi du, oraingoan hautetsiek ganbera erdia besterik hautatu ez dutela gogora ekarriz.
UMPren baitan egon da, ordea, larritasuna adierazi duenik. Bruno Le Maire Nekazaritza ministroak, esaterako, bozetara begira galera hau «gaztigu garrantzitsu bat» izan dela nabarmendu du. «Egia politikoa da hauteskundeetako emaitzak gure gehiengoarentzat gaztigu bat direla, 1958tik Senatua ezkerraren eskuetara igarotzen den lehen aldia baita», adierazi du. Senatuko presidente eta UMPko kide Gerard Larcherrek ere ezkerraren gorakada «esperotakoa baino handiagoa» izan dela aitortu du.
Ezkerraren erabakimena
Senatuaren kontrola galtzeak eraginik ez duela adierazi du UMPk, baina ezkerreko alderdiek Asanblada Nazionalean hartutako erabakiak oztopatu ditzakete hemendik aurrera. Esaterako, aurrekontuen oreka bermatzeko Urrezko Araua deiturikoa ezingo du Konstituzioan gehitu Sarkozyk, negoziatu ezean. Izan ere Parlamentuaren —Asanblada Nazionala eta Senatua— bi herenen babesa behar du horretarako, eta une honetan ez dauka. Hollandek hain justu, Urrezko Araua hil dela ohartarazi dio presidenteari.
Ezkerreko alderdiek igandean jazotakoa historikoa dela diote, eta Sarkozyren porrota nabarmendu dute. «Lehen aldiz, aldaketa martxan da», esan du Jean-Pierre Bel sozialisten Senatuko buruak. Hollandek 2012an gertatuko denaren premoniziotzat hartu ditu Senatuan ezkerrak eskuratutako emaitzak. Eskuinarentzat, eta bereziki Sarkozyrentzat porrot garrantzitsua dela gaineratu du Hollandek. Era berean, presidentearen kudeaketa politikoaren gainbeheraren aurrean gaudela uste du sozialistak. Ekologisten presidentetzarako buru Eva Jolyk ere, goi ganberan gertatutakoa datozen bozetarako seinaletzat jo du. «Hau lehen urratsa izan da. Egiazko aldaketa 2012ko apirilaren 22an etorriko da hautestontzietatik».
Presidentetzarako bozak ezkertiarrentzat zantzu onarekin hasi direla adierazi du, bestalde, Jean Luc Melenchon Ezkerreko Frontea alderdi komunistaren buruak.
Garaipena, eskuinaren zatiketari baino herritarren atsekabeari zor diotela sinetsita daude, bestalde, sozialistak. Ekonomia arazoak eta UMPko hainbat alderdikideren ustezko ustelkeria kasuak Sarkozyren gainbeheraren atzean daudela argudiatu dute sozialistek.
Frantzia. Senaturako hauteskundeak
UMPk eskuinaren zatiketari egotzi dio sozialisten garaipen historikoa
Garaipen historikoa lortu du ezkerrak; 1958an V. Errepublika sortu zenetik eskuinaren mende egon da SenatuaPresidentetzarako bozen «iragarpentzat» hartu dituzte emaitzak ezkerreko alderdiek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu