UMPren «alternatiba» izango den alderdia sortuko du De Villepinek

Sarkozyk eskualdeetako hauteskundeetan porrota izan ostean bere politikak ez aldatzea kritikatu du gobernuburu ohiak

arantxa elizegi egilegor
2010eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Nicolas Sarkozyk baditu burumakur egoteko arrazoiak. Eskualdeetako hauteskundeetan izandako porrota nahikoa ez -ezkerrak irabazi du 26 eskualdeetatik 23tan-, eta orain haren inoizko arerio handienak, Dominique de Villepinek, alderdi bat sortuko duela iragarri du. Lehen ministro izandakoak ez du argitu 2012ko presidentetzarako bozetara aurkeztuko den, baina argi utzi du talde berria UMPren «alternatiba» izango dela hurrengo hauteskundeetan. Alderdiaren aurkezpen ofiziala ekainaren 19an egingo dute, baina dagoeneko iragarri dute taldea «askea, independentea eta zabala» izango dela.

Bi buruzagien arteko lehia ez da berria. Oraindik lehen ministro zela, askok De Villepin jotzen zuten 2007ko presidentetzarako hautagaitzat, baina Sarkozyk -Barne ministro karguan zen garai hartan- aurrea hartu zion, UMPko kideen aho bateko sostengua bereganatuta. Orain, badirudi mendekatzeko aukera izango duela lehenak. Atzo bertan, bere asmoen berri emateko Parisen egindako agerraldian, hitz gogorrak erabili zituen estatuburuaren kontra. Bozetako porrotaren ostean beharrezko aldaketak ez egitea leporatu zion. «Erreformak denak batera hasi dituzte, baina ez dute helbururik lortu, ezta frantziarren sostengua bereganatu ere. Aldaketa politiko batekin soilik hasiko da Frantzia bere onera itzultzen. Ezin da bizi berdintasun eza eta bidegabekeria maila horietara heldu den herrialde batean».

Liskarrak Gobernu barruan

Etxe barruan ere babes gutxi du Sarkozyk. Le Monde egunkariaren arabera, izan ere, okertu egin dira haren eta François Fillon lehen ministroaren arteko harremanak. Bozetako bigarren itzuliaren aurretik, esaterako, Sarkozyren gertuko iturriek zabaldu zuten datorren udazkenean lehen ministroa aldatzea aztertzen ari zela estatuburua. Bide beretik, eta bigarren itzuliko emaitzak jakin ostean, «Fillon presidente» oihuak entzun ziren UMPko diputatuen artean.

Fillonek berak ukatu egin du presidentearekin desadostasunak dituela. «Zurrumurru horiek guztiek helburu bakarra dute, Gobernua ezegonkortzea, eta ohartarazten diet ez dutela lortuko». Dena den, eta iritziz aldatzea erabakiko balu ere, inkestek garaipena iragartzen diote egungo gobernuburuari. Le Nouvel Observateur egunkariak plazaratutako datuen arabera, galdekatutakoen %52k bozkatuko lukete Fillonen alde presidentetzarako bozetan, eta soilik %28k egungo presidentearen alde.

Itxuraz, baina, horrek guztiak ez du askorik kezkatzen Sarkozy. Hala, hauteskundeetako gainbeheraren ostean, orain arteko politikekin jarraituko duela iragarri du eskuineko buruzagiak. Haren esanetan, izan ere, egindako erreformen emaitzak ezin izan dira behar bezala ikusi krisiaren ondorioz. «Hasitako lanarekin jarraitu behar dugu. Orain gelditzea egindako ahaleginak alferrik galtzen uztea litzateke. Krisiak ez gaitu geldiaraziko», nabarmendu du Sarkozyk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.