UMPren nagusitasun osoa mugatu nahi du ezkerrak

Françoise Hollandek indar ezkertiarrak batzeko eskatu du; Segolene Royalek, berriz, Bayrouri begiratu di0

2007ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Inkestek eta hedabideek iragartzen zuten olde urdina -hau da, UMP eskuineko alderdiaren garaipen zabala- gertatu da, joan den igandean egin ziren Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeen lehen itzulian. Aurrez ziurtzat emana zen garaipen honen eraginez behar bada, lehen txanda honetako abstenzioa oso handia izan da -%39,5-, iragan maiatzaren 6ko presidentetzako bozetan, berriz, %16koa besterik ez zelarik izan.

Hamar bat milioi hauteslek boto egiteari saihesteak, Frantziako bi indar politiko nagusien arteko bipolarizazioa areagotu egin du, François Bayrouk sortu berri Mugimendu Demokrata alderdi zentristaren eta mutur ezkerra zein mutur eskuinaren kaltetan. Azken urteotan etengabe behera egin duen PCF alderdi komunistak presidentetzako bozetan baino emaitza hobeak izan ditu, bainaparlamentari talderik gabe -20 diputatu, gutxienez, lortu behar dira horretarako- geratzeko arrisku handian dago. Emaitza murritzak lortu arren, Berdeak ekologistek euren hiru diputatuak gordetzeko aukerarik izan dezakete, bigarren txandan.

Bipolarizazioa nabarmen ageri da eskuineko eta ezkerreko indarren kopuru orokorrari zehatzago begiratzen bazaio. Eskuineko indarrek -muturreko eskuinak ezik- botoen %45,5 osatzen dute eta ezkerrekoek -Berdeak eta muturreko ezkerreko taldeak barne- bozen %38,97 batzen dute. Alabaina, eskuinaren aldetik, UMPk soilik botoen %39,54 bereganatzen ditu eta ezkerrean, berriz, PSk bakarrik bozen %24,73.

Gauzak horrela, Bayrouk porrot egina dauka orainokoan zentro independente bat eratzeko egin zuen apustuan, MoDem Mugimendu Demokrata, joan den igandeko lehen itzulian, botoen % 7,6rekin soilik geratu baita. Iragan apirilaren 22ko Presidentetzako bozen lehen itzulian, Biarnoko hautagaiak bozen %18,57 bereganatu zituen, baina hurrengo egunetan UDF alderdi zentristako 29 diputatuetatik 25Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen alde jarri ziren. Bayrouren haustura jarrerari arbuio eginda, NC Zentru Berria alderdia eratu dute UDFko kide ohi hauek.

UMPren koloreari erreferentzia eginda, olde urdina agerian utzi du datu batek:igandeko lehen itzulitik bertatik alderdi eskuindarraren eta honen aliatuen 110 diputatu hautatuta daude dagoeneko. Hauetatik 99 UMPkoak dira, zazpi Zentru Berrikoak, bi Philippe de Villiersen MPF alderdikoak.Beste bat, UMPko kide izan arren alderditik kanpo lehiatu den Nicolas Dupont-Aignan da, eta badaPS alderdi sozialistako bat ere;Michel Lefait. Alabaina, olde urdina egon arren, ehun bat hautesle-barrutitan, aldea bost puntu baino gutxiagokoa da UMPko eta honen aurkari diren hautagaien artean. Berrogei bat hautesle-barrutitan, aldea bi puntu baino gutxiagokoa dela ere azpimarratzekoa da.



ROYAL ,BERRIRO ERE, BAYROURI DEIKA. Hortaz, PSk egun hazten duen itxaropen bakarra da ehun bat hautesle-barruti horietan UMPri eta bere aliatuei gailentzea. Horretarako, abstenziora jo dutenak ezkerraren alde jar daitezkeela nahi dusinetsi François Hollande alderdi sozialistako buruak. «Argi dago, 50-100 hautesle-barrutitan, parte-hartzeak dituela trenkatuko datorren igandeko emaitzak» adierazi zuen atzo Hollandek. Ildo honetatik, PSko buruak ziurtatu zuen, hautagai sozialistari aurrea hartu dion ezkerreko beste lehiakide bati lekua utziko diola PSk.

Hollandek ezkerreko indar politikoen batasuna hobesten badu ere, bikotekide duen eta presidentetzako bozetan hautagai sozialista zen Segolene Royalek, Bayrouri egin dio dei. Datorren igandeko bozetan, UMPko hautagaien aurka, sozialistekin bat egiteko eskatu dio. «Gaur egun, Legebiltzarrerako hauteskunde hauen ostean, botere ia osoa UMPren eskuetan ez dadin egon premiazko xedea izango delarik,argi dago MoDemek gurekin behar duela bat egin» adierazi du Royalek, Bayrouri mezu bat helarazi diola zehaztearekin batera. Jokaera honek, baina, PSren baitan hautsak harrotu ditzake.

Bayrouk, anartean, nekez erantzungo dio baiatz eskaintzari, UMP eta PSren arteko Frantziako politikagintzaren bipolarizazio horri arbuio baitio. Berak ere, haatik, UMPren lehen itzuliko garaipen zabala bigarren txandan erabateko nagusitasun bilakatu dadin,apur bat besterik ez bada ere,eragoztea gurako luke. Alabaina, lehen itzuliko emaitzen arabera, gehienetik jota, lau diputatu besterik ez ditzake lortu MoDemek, hauen artean Bayrou bera.

Beti ere joan den igandeko joera hurrengokoan errepikatuz gero, UMPk eta bere aliatuek 380 eta 500 diputatu bitartean lor ditzakete, PSk zein ezkerreko beste indarrek -PCF, PRG, Berdeak-, berriz, 70 eta 180legebiltzarkide bitartean izango lituzketelarik. Nolanahi ere, bi hautagai baino gehiago lehian egoteak -horretarako hautesle zerrendako botoen %12,5 lortu behar da lehen itzulian- edo horrelakorik ez gertatzeak egoera nabarmen aldatzen ahal du.



KOMUNISTAK ETA MUTURREKO ESKUINA . Bipolarizazioaren areagotzeak ere, egoera larrian utzi ditu PCF alderdi komunista eta FN muturreko eskuineko indarra. PCFk, haatik,Presidentetzako bozetakohautagai Marie-George Buffetek iragan apirilaren 22an lortu zituen botoak -%1,93 baino ez- hobetu egin ditu, bozen %4,29 jasota. Haatik, hori ez zaio nahikoa izango, orain arte, 21 diputaturekin, bazaukan parlamentari taldea mantentzeko. Gehienetik jota, ezkerreko beste indarren alde joan diren botoak ondo bereganatuta ere,16-17 diputatu besterik ez ditzakete lor komunistek.

Porrot are handiagoa jasan du FN muturreko eskuineko alderdiak, honek ere botoen %4,29 besterik ez baitu bereganatu. Presidentetzako bozen lehen itzulian, Jean-Marie Le Pen FNko buruak botoen %10,44 lortu zuen, eta orain erdira ere ez dira iritsi. Hala, hauteskunde haietan nabarmendu zen joera egiaztatu da berriro joan den igandeko bozaldian. Hau da, Nicolas Sarkozyk, immigrazioaren edo segurtasunaren alorretan, esaterako, azaldu dituen jarrera eta planteamenduek, aurretik FNren alde botoa eman zuten hautesleetatik ugari UMPra erakarri ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.