IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako Gobernarien Batzordea bilera egiten ari da Vienan. Atzo abiatu zuten bilera eta gaur erabaki dezakete Irango auzi nuklearra Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilura eraman edo ez. Haatik, erabaki hori harturik ere, mementoz ez zaio zigorrik ezarriko ez behintzat IAEAko zuzendari Mohamed El Baradeik datorren martxoan herrialdearen jarduera nuklearren inguruko txostenaren berri eman baino lehenago. Auzia «une erabakigarri batean» dagoela baina ezin dela «krisitzat jo» adierazi zuen atzo El Baradeik. Teheranen iritzian, baina, auzia Segurtasun Kontseilura eramatea «huts historikoa» izango litzateke.
Nazioarteko hogeita hamabost herrialde biltzen dituen IAEAko arduradunen bilera hasi aurretik egindako adierazpenetan, erakundeko zuzendari Mohamed El Baradeik azaldu zuen «auzia une erabakigarri batera iritsi» dela, baina «ezin daiteke esan krisia dagoenik, gertu litzatekeen arriskurik ez baitago». IAEAko zuzendariaren iritzian, egunotan egingo dutena Irani mezu argi bat bidaltzea da eta egoera konponbidean ezartzeko aukera bat eskaintzea ere: «Teheranek neurriak ebatzi eta hartu behar dituela da mezua, konfiantza berriro izatearren». IAEAko zuzendariaren irudiko, Segurtasun Kontseiluren esku hartzea bultzatu dutenek ere ez daukate oraingoan gogorrago jokatzeko asmorik: «Datorren martxoan Iranen jarduera nuklearrez azterketa txostenekoedukia aurkeztuta izan aurretik; guztiek iritzi diote diplomazia bideari eusten zaiola oraindik ».
Teheran, elkarlana uzteko prest
Guztiek ez, haatik, zeren eta, Iranek berriro ohartarazi baitzuen atzo auzia Segurtasun Kontseilura eramatea oso gaizki hartuko lukeela. «IAEArekiko elkarlana bertan behera utziko genuke, Gobernarien Kontseiluak Segurtasun Kontseilura jotzeko huts historikoa egingo balu» esan zuen Vienan Teherango enbaxadore Ali Asgar Soltaniek. Soltaniek gogorarazi zuen, halaber, Iranek gaur bertatik erabaki dezakeela Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunaren atal gehigarriko konpromisoak ez betetzea eta IAEAren ikuskatzaileei sarrera debekatzea.
Ameriketako Estatu Batuek eta Europako Batasunak baino jarrera malguagoak hartu dituzten arren, NBEko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrak diren Errusiak eta Txinak auzia erakunde horretara eramateko sostengua berretsi zuten atzo. Hala, IAEAn Moskuko ordezkari Gregori Berdennikovek zioenez, «ez dugu inongo arazorik ikusten Segurtasun Kontseilua IAEAk dauzkan argibideen jakinaren gainean egoteako, ezta egoera konponbidean jartzeko Irani eskatuko zaizkion urratsak sustatzeko ere». Txinako enbaxadore Wu Hailongek, berriz, Iranekin pazientziaz eta zuhurtziaz jokatzeko aholkua egin zuen eta Teherani eskatu zion indar nuklearraren inguruko ikerketak berriro eteteko: «Europako Batasunarekiko hizketaldiei lehen bai lehen berriro ekiteko eskatzen diot Irani».
Washington ere motelago
Ildo honetatik,Iranekin hizketaldiak eraman dituen eta Alemaniak, Erresuma Batuak eta Frantziak osatzen duten Europako Batasuneko hirukotearen izenean mintzo zen Herbert Honsowitz diplomatiko alemaniarrak ere azpimarratu zuen auzia Segurtasun Kontseilura eramateak ez duela inondik ere esan nahi bide diplomatikoa agortu denik.
Teheranek egindako ohartarazpenen inguruan, haatik, hauxe adierazi zuen Honsowitzek: «Gaur egun ez da egoki Iranekmehatxuak egin ditzan eta IAEArekiko elkarlana eten egin dezan».Teheranekiko gatazka NBEko Segurtasun Kontseilura eramatea gehien sostengatu duen herrialdeak berak hizkera arinagoa erabili zuen auziaz mintzatzeko. IAEAn Etxe Zuriak duenenbaxadore Gregori Schultek hauxe adierazi zuen atzo Vienan: «Auzia Segurtasun Kontseilura eramaten bada, nazioarteko komunitatearen esku baliabide diplomatiko gehiago jartzen ditugu; alabaina, argi esan dezagun uneotan ez daukagula Iranen aurka zigorbiderik indarrean jartzeko helbururik». Teherani, hala ere, ohartarazpena egin zion beste behin Washingtonek: «Irango agintariei beste behin ere dei egiten diegu, arazo honi soluzio diplomatiko eta baketsu bat jarri ahal izateko bidea ireki diezaioten».
ISRAEL
«Arriskua mundu osoarentzat da; ez guretzat bakarrik»
Shimon Peres Israelgo lehen ministro eta Atzerri ministro izandakoaren iritzian, Iran arma nuklearraz jabetuz gero, mundu osoa arriskuan egongo litzateke, ez Israel bakarrik. «Iranek arma nuklearraz jabetzea lortuko balu, gatazka guztietan honen erabilera zabaltzeko arriskua egongo litzateke eta Nazio Batuen Erakundeko hitzarmenak ez luke zentzu gehiagorik izango» adierazi zuen Peresek. Honen iritzian, «kontua da Teheranenbadaudela agintari fanatikoak, arma arriskugarrienaz jabetzeko asmoa dutenak». Iranek Israel desegiteko asmoa behin eta berriro aldarrikatu duela gogorarazi zuen Peresek eta galdera egin: «Aldiz, nork nahi du suntsitu Iran?». Iran indar nuklearraz jabetzeko asmoa NBEko Segurtasun Kontseilura iristeko kasuan, Peresek azpimarratu zuen lehendabizi, presio politiko eta psikologikoak beharko direla bideratu eta neurri hauek ez badute ondoriorik eragiten, ekonomia alorreko zigorrak indarrean jarri beharko direla. Peresek nabarmendu zuen ere, Israelen eta eskualdeko beste zenbait estaturen segurtasuna arriskuan jartzen dutela Iranen esku dauden irismen luzeko misilek, «hauek 2.000 edo 3.000 kilometrotan kokatutako jomugetara heldu daitezke». Washingtonen aldetik, berriz, John Negroponte informazio zerbitzuetako zuzendariak Iranek oraingoan seguruenik ez duela arma nuklearrik esan zuen.
leonard weiss x AEB-etako arma nuklearrak ez ugaltzeko itunaren egilea
«Presioak zailago egiten du Iran uranioa ez aberasteko konbentzitzea»
harald neuber
Arma nuklearrak ez ugaltzearen inguruko lana egin du azken hogeita hamar urteotan Leonard Weissek. AEBetako 1978ko Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Legearen arkitekto nagusia izan zen. Senatuko Gobernu Aferetarako Batzordeko zuzendari ohia ere bada.
Iran nazioartekoaren presiopean dago bere programa nuklearra dela eta. AEBetako, bien bitartean, akordio nuklear zibil bat negoziatzen ari da Indiarekin. Zer nolako balorazioa egiten duzu Washingtonen politikaren inguruan?
Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna urratzen duen politika da. Ituna ekarpen handia izan zen eta nazioarteko herrialdeek hartutako konpromisoa baliorik gabe gelditzen ari da politika horiekin. Arma nuklearrak ez garatzeko konpromisoa hartu zuten herrialdeek, bake asmoetarako teknologia nuklearra jasotzearen truke. AEBei herrialde batzuekin eta besteekin irizpide ezberdinak erabiltzea leporatzen diete hainbatek. India, herrialde aliatua den heinean, abantaila nuklearrak ditu ituna urratu duen arren; izan ere, urraketa serioak egiten ari da, arma nuklearrak garatuz.
Iranen kontrako presioa areagotzen ari da...
Presio horrek, gainera, argudioak ematen dizkio Irani. Teheranek programa nuklearren bermean urraketa izugarriak egin ditu eta bidegabekeriaz tratatu dutela esanez argudiatzen du. Presioak Irango nazionalistengan haserrea piztu du eta barne ezadostasunak areagotu egin dira. Horrek askoz zailago egiten du Iran uranioa ez aberasteko konbentzitzea uranioa aberastea arma nuklearrak egiteko urrats bat da.
AEBetako Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Legearen egilea zara. AEBen eta Indiaren arteko hitzarmena legediaren barruan egiten ari al dira?
AEBetako Kongresuaren onespenik gabe ezin izango litzateke hitzartzen duten akordioa indarrean jarri eta itunean ezartzen dena aintzat hartu beharko luke Kongresuak. Legearen helburuetako bat zen energia nuklearraren salmentan armak ez ugaltzeko babes sendo bat eratzea eta AEBek laguntza nuklearra ukatzea NPT itunaren arabera estatu ez nuklearrak ziren herrialdeei India barne, baldin eta beraien gune nuklear guztiak ikuskatzea onartzen ez bazuten edo gailu nuklearrak lehertzen bazituzten. India AEBen laguntza nuklearrik gabe gelditu da legea indarrean sartu zenetik. AEBen eta Indiaren arteko akordioa nabarmen aldatu ezean, arma nuklearrak ez ugaltzeko borrokan atzerapauso bat izango da eta nazioarteko segurtasuna arriskuan jarriko du.
Nazioarteak zergatik onartzen du AEBek aliatuak diren herrialdeekin eta ez direnekin irizpide ezberdinak baliatzea?
Badirudi herrialde batzuek beren industria nuklear ahula sendotzeko negozio nuklearrean parte hartzeko irrikan daudela eta ados jarri direla ateak irekitzeko beraientzat zein AEBentzat. Ez dut uste Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna Berrikuskatzeko Konferentzia isilik geratuko denik hurrengo bileran.
AEBen eta Indiaren arteko balizko akordioak zer nolako eragina izango du zonaldean eta atzerrian?
Pakistanek jada antzeko akordio bat eskatu du eta ukatu egin diote. AEBak pakistandarrak lasaitu nahian ari dira euren esku goi mailako teknologia militarra jarriz, tartean F-16 hegazkinak, horrela arma nuklearrak garatu ez ditzaten. Estatu Batuen eta Indiaren arteko akordioak beste herrialde batzuen arteko elkarlana sustatuko duela pentsa daiteke: Txina eta Pakistanen artekoa adibidez.
IAEAk duen jarrerari zer iritzi diozu?
IAEA presio diplomatiko zuhurra egiten ari zaio Irani, bere programa nuklearra garden bihur dezan eta informazio gehiago eman dezan azken bi hamarkadetan egin dituen tratu nuklearren inguruan zein armak ez ugaltzeko bermeen urraketen inguruan. Iranek Europako Batasunarekin Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua eta Errusiarekin egin dituen negoziazioek emaitza positiborik eman artean erakundea erantzukizunez aritu da, Iranekiko tirabirak saihesten. Nazioartekoak arma nuklearretarako gaiak ekoizteari uzteko eskatu dio Irani eta alternatibak onartzeko.
Hiru urteko tirabirak
2003-06-06: Irani jarduera eta osagai nuklearrak ezkutatzea leporatu zion IAEAk.
2003-09-12: Arma nuklearrak garatzeko asmoa jarduera zibil baten atzean ez zuela ezkutatzen frogatzeko epea jarri zion IAEAk.
2003-12-18: Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunaren atal gehigarria sinatu zuen Teheranek.
2004-07-01: Energia nuklearra helburu zibiletarako garatzeko eskubidea aldarrikatu zuen.
2004-09-18: IAEAk uranioa ez aberasteko eskatu zion.
2004-11-15: Iranek uranioa aberasteari utzi zion.
2005-02-01: Uranioa aberasteko asmoa berretsi zuen.
2005-09-24: Uranioa eraldatzeari ekin zion.
2005-01-10: Natanzeko ikerketa zentroan jarritako zigiluak kendu zituen IAEAk.