Unescoren arabera, gutxienez 460 glaziar desagertuko dira 2050erako

Dolomitak eta Kilimanjaro geratuko dira izotz masa handirik gabe. Gizateriaren ondare izendatutakoek batez beste 58.000 milioi tona izotz galtzen dituzte urtean

Dolomitetako Marmolada mendia (Italia), iragan uztailaren 4an, izotz jausia izan eta biharamunean. ANDREA SOLERO / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Klima larrialdiaren biktima asko heriotzara kondenatuta daude ezinbestean, eta zerrenda beltzaren goialdean daude, besteak beste, glaziarrak; zehazki, mendi eremuetan eta poloetako eskualdeetan metatzen diren izotz eta elur masa handiak. Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak egindako ikerketa baten arabera, gutxienez 460 glaziar desagertuko dira 2050erako, eta horietako batzuk munduko mendi entzutetsuetan: esaterako, Dolomitetan (Italia), Pirinioetako Monte Perdidon (Okzitaniako eta Espainiako mugen artean), Yellowstonen eta Yosemiten (Ameriketako Estatu Batuak), eta Afrikako Kilimanjaron (Tanzania), Kenyan eta Rwenzori-Virungan (Ugandako eta Kongoko Errepublika Demokratikoko mugen artean).

NBE Nazio Batuen Erakundeko agentziak 18.600 glaziar behatu ditu gizateriaren ondare izendatutako 50 gunetan, eta esan du horietatik hamazazpi eremutan ez dela ekologia eta kultur ondare handia biltzen duten izotz masarik existituko mende honen erdialderako. Hain zuzen, hori da, Unescoren txostenaren arabera, egungo berotze mailarekin galduko dena; industria aurreko garaiarekin alderatuta 1,1 gradu berotu da munduko tenperatura.

Halere, izotz eta elur bolumena murrizteko joera «negatiboa» bada ere, Unescok adierazi duenez, aztertutako beste 33 lekuetako glaziarrekin gertatzen dena, neurri batean, gizakiaren esku dago: «Glaziarrak salba daitezke, berotegi efektuko gasen isuriak nabarmen murrizten badira, berotze globala 1,5 gradura mugatzeko». Neurriak hartu ezean, NBEko agentziak argi esan du litekeena dela glaziarren ia %50 desegitea 2100erako.

Unescoren arabera, gaur-gaurkoz, 200.000 glaziar baino gehiago identifikatuta daude munduan, eta horietatik 18.600 inguru gizateriaren ondare izendatutako eremuetan daude. Glaziarrek 66.000 kilometro koadro inguruko azalera dute, hau da, Lurreko glaziar eremu osoaren ia %10.

Karbono isuriak murriztea

Txostenaren egile nagusiak, Tales Carvalhok, Reuters albiste agentziari atzo adierazi zionez, gizateriaren ondare izendatutako glaziarrek batez beste 58.000 milioi tona izotz galtzen dituzte urtean, eta ia %5eko eragina dute munduko itsas mailaren igoeran. Horiek horrela, Carvalhok baieztatu zuen karbono isuriak nabarmen murriztea dela neurririk garrantzitsuena mundu osoan glaziarren atzerakada handia eragozteko.

Unescok tokiko agintariei eskatu zien glaziarrak beren politikaren «elementu nagusi» bihurtzeko, zaintza eta ikerketa hobetuz eta hondamendien arriskua murrizteko neurriak ezarriz. «Glaziar inguruetako aintzirek gainezka egiten badute, uholde katastrofikoak eragin ditzakete ibaian behera», ohartarazi zuen Carvalhok.

NBEko agentziak 1.154 leku ditu une honetan gizateriaren ondare gisa aitortuta, eta izotz plakak dauden 50 eremutan egin dute azterlana; hala nola Everest mendian —munduko altuenak—, Alaskan —luzeenak— eta Afrikan geratzen diren azkenak. Sateliteen irudien bidez, glaziar horiek XXI. mendean izan duten bilakaera aztertu dute txostenean. Ondorio nagusia da guztiak atzeraka doazela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.