Nazio Batuen Erakundeko Palestinar Errefuxiatuak Laguntzeko Batzordeak (UNRWA) erabaki du Gazara (Palestina) momentuz laguntza gehiago ez bidaltzea, Hamasen Gobernuak "birritan konfiskatu" duela salatuta. Agiri baten bidez jakinarazi duenez, "neurriak bere horretan" jarraituko du "harik eta laguntza itzuli eta lapurreta horiek berriz ez errepikatzeko nahikoa berme izan arte".
Atzo, irinaz eta arrozaz beteriko hainbat kamioi Egiptotik Gazara joatekoak ziren, palestinar errefuxiatuen artean banatzeko asmoz. Errefuxiatuak Gaza eskualdeko milioi eta erdi biztanleen bi herenak dira. Nolanahi ere, batzordearen arabera, "Hamaseko Gobernuko Gizarte Gaietako Ministerioak kontrataturiko hainbat ibilgailuk" 200 tona metriko arroz eta 100 tona metriko irin eraman zituzten.
Bi egun lehenago eta beti ere batzordeak baieztatu duenez, "Hamasen Poliziak 3.500 manta eta 406 elikagai errazio eraman" zituzten Gazako errefuxiatu guneko banaketa biltegi batetik.
Israelek 2006an ezarri zion blokeo ekonomiko eta politikoa Gaza osoari, Hamas PLC Palestinako Kontseilu Legegilerako (Gaza eta Zisjordaniarako legebiltzarra) hauteskundeetan nagusitu eta berehala. Ordutik du setiopean, itsasoz, lurrez eta airez eskualdea. AEBek eta Europako Batasunak blokeoa sostengatzen dute. Tarteka-marteka giza laguntza sartzen uzten du Israelek. Atzo, Libanotik 60 tona elikagai (eta bestelako gaiak) zeramatzan ontzi bat gerarazi eta eskifaiari eraso egin zion Israelgo itsas armadak, Gazako kostaldean. Ez zituen gaiak eskualde setiatura sartzen utzi.
Hamasek bere aurkako blokeoa kentzeko eta Gaza berreraikitzeko lanetako kudeaketan parte hartzen uzteko eskatu du behin eta berriro.
Palestina
UNRWAk Gazara laguntza bidaltzeari utzi dio, Hamasek konfiskatu duela salatuta
"Lapurtutakoa itzuli eta lapurreta horiek berriro ez errepikatzeko nahikoa berme izan arte" ez du berriz ere laguntzarik bidaliko NBEk errefuxiatu palestinarrak laguntzeko duen agentziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu