Biktimak eta UP Union Patriotica alderdiko kideak aurrez aurre zituela, Kolonbiako Estatuak ez zuela beren alde egin zezakeena egin aitortu du Juan Manuel Santos presidenteak: "Tragedia honek ez zuen gertatu behar. Onartu beharra daukat estatuak ez zituela nahiko neurri hartu hilketak, atentatuak eta gainerako indarkeria ekintzak saihesteko, nahiz eta horiek gertatzen ari zirela begi bistakoa zen".
Casa Nariño eraikinean egin dute ekitaldia, eta Santosek esan du berme guztiak jarriko dituela "UPk jasan zuena beste alderdi batek inoiz jasan beharrik ez izateko". Alderdiko kideei eskertu egin die, gainera, bake prozesuan izaten ari diren jarrera.
UPk historikotzat jo ditu adierazpenok, eta Aida Avellana alderdiko lehendakariak azpimarratu du hitzokin biktimak "errekonozitu" direla eta "duintasuna" eman zaiela: "6.500 biktimen izatean eta alderdiko presidente gisara, ongietorria ematen diot errekonozimenduari".