MUNDUA

Ur erradioaktiboa itsasora isuri izana aitortu du Fukushimako zentralaren kudeatzaileak

TEPCOk barkamena eskatu du, eta adierazi "ahal zen guztia" egin duela ura zentraletik ez irteteko. Gainera, lurruna atzeman dute erreaktore batean.

2013ko uztailaren 23a
18:46
Entzun

Sotoetatik itsasora atera da erradiazioa zuen ura, TEPCO Tokyo Electric Power konpainiako bozeramaile batek Nikkei kazetari egindako adierazpenen arabera. 2011ko martxoan hondamendi nuklearra gertatu zen Japoniako zentral hartan, tsunami batek zentrala harrapatuta.

"Barkamen zintzoena eskatu nahi dugu. Ahal zen guztia egin dugu ur toxikoa plantatik irten ez zedin", adierazi du TEPCOk. Hala ere, konpainiak adierazi du itsasora isuritako ur toxikoa "oso urria" dela eta zentralaren alboko portu batera atera dela ura, itsaso zabaletik aparte. Horrela, TEPCOk espero du isuriak ez duela aparteko eraginik izango ingurumenean.

Halaber, lurruna atzeman dute zentraleko hirugarren erreaktorean, eta bigarren aldia da astebetean lurruna topatzen dutela bertan. Erreaktorearen tenperaturan "aparteko aldaketarik" ez dela izan jakinarazi du TEPCOk.

1986ko Txernobilgo hondamendiaz geroztik izandako istripu nuklear handiena izan zen Fukushimakoa. Kutsatutako ura 1.000 biltegitan dute gordea; ur horri gatza eta partikula erradioaktiboak kendu ostean, erreaktoreak hozteko erabiltzen dute ura. Istripuaz geroztik, 3.500 langilek dihardute krisi atomikoa amaitzeko lanetan, eta espero dute lan horiek 30 edo 40 urte irautea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.