Ura, ur edangarria, eta ur zikinak erretiratzeko sistemak mundu zabalean zer egoeratan dauden aztertu dute txostenean, giza garapenari buruzko beste hainbat daturekin batera . Urari dagokionez, plazaratu dituzten datuak kezkagarriak dira: 1.000 milioi lagun bizi dira munduan erabiltzeko urik eskura izan gabe, eta 2.500 milioi lagun ur zikinak erretiratzeko sistemarik gabeko lekuetan bizi dira. Ondorioak, argiak dira, eta larriak: bi milioi ume hiltzen dira urtean ur eskasiaren eta ur zikinak eramateko sistemen gabeziaren ondorioz. Hiesak baino hildako gehiago eragiten ditu.
Ume asko beherakoak jota hiltzen dira, ur edangarririk ez, eta edan dutenak gaixotuta. Erraz saihets daitezkeen heriotzak dira horiek guztiak. Horretarako, ordea, neurriak behar dira. Aldaketak. Herrialde behartsu askotan duela mende bete herrialde aberats askotan egindako urratsak orain egin behar direla nabarmendu du Watkinsek. Ur edangarria etxeetara eraman behar da, eta estolderia sistema taxuzkoak jarri behar dira. «Uraren apartheid-arekin bukatu behar dugu».
Uraren aldeko politika eraginkorrak hartzea pobreziaren aurka egiteko urrats erabakigarria izango litzatekeela gogorarazi du, eta milioika pertsonaren ongizatea hobetuko lukeela. Ez soilik egarri direnean. Ur bila bide luzeak egin behar izateak genero ezberdintasuna handitu egiten du, milioika neskato eta emakumek hartzen baitute kasurik gehienetan egiteko hori. Ume asko, halaber, eskolara joan ezinik uzten ditu.
GARESTI. Ura urria izateaz gain, garestia da. Batez ere herrialderik behartsuenetan. Txostenaren arabera, ura etxeetara eramaten hasteko ardura konpainia pribatuen esku geratzen ari da leku askotan. Eta etekinak lortu behar dituzte. Prezioak goitik jartzen dituzte horretarako. Oso goitik. Eta horrek ondorioak ditu. Kenyako bazter auzoetan, esaterako, garestiago ordaindu behar izaten dute ura Londresen edo New Yorken baino. Muga handia da hori. Latinoamerikako zenbait lekutan ere, etxeko gastuen %10ura ordaintzeko erabiltzen dute. «Aberatsek, pobreek ordaintzen dutenaren bosten bat baino ez dute ordaintzen urarengatik», eman du aditzera Kevin Watkinsek.
Egoera hau iraultzeko neurriak hartu behar direla gogorarazi dute NBEko Garapen Programako buruek. Kanpaina bat abiatu nahi dute munduko biztanle orok, bizi den lekuan bizi, egunean 20 litro ur edangarri izateko. Gutxienez. Herrialde guztiek, halaber, Barne Produktu Gordinaren %0,4 ur edangarria zabaltzeko sareak egitera eta estolderiak garatzera bideratu beharko luketela proposatu dute.
NAHI BAINO MOTELAGO. 2015erako nahi lituzke NBEk uraren banaketa bidegabe honekin lotutako arazoak konponduta. Egindako aurreikuspenen arabera, ordea, guztiz ezinezkoa izango da hori. Saharaz hegoaldeko Afrikan, esaterako, ur erabilgarria banatzeko azpiegiturak jartzeko jomuga 2040. urtean beteko dela diote, eta ur zikinak bideratzeko sistemak garatzekoa,2076. urterako.
55 herrialdetan ari dira NBEk jarritako helburuak baino motelago, eta horrek esan nahi du 234 milioi lagun geratuko direla helburu horretara iritsi ezinik. Egarri, eta gaixo.
giza garapena
Giza garapenari buruzko aldagai sorta neurtzen du atzo Nazio Batuen Erakundeak publiko egindako txostenak. Aurten urari buruz aritu dira bereziki. Baina beste aldagai asko ere neurtu dituzte. Horien arabera, mundu estatuak --177-- zerrendatu dituzte, duten garapenaren arabera. Aberastasunaz gain, hezkuntza sistema eta osasun zerbitzuak zer nolakoak diren arretaz neurtzen dute zerrenda hau egiteko orduan. Alde handia dago lehengo hamar herrialdeetatik, azkenekoetara. Amildegi bat ia.Zerrendako lehenak
Norvegia, Islandia, Australia, Irlanda,Suedia, Kanada, Japonia, AEB, Suitza, eta Herbehereak
Zerrendako azkenak
Niger, Sierra Leona, Mali, Burkina Faso,
Ginea Bissauko Errepublika, Afrika Erdiko Errepublika, Txad, Etiopia, Burundi, eta Mozambike.
Herri pobreak ere klima aldaketaren kontrako bidean nahi ditu NBEk
erredakzioaKlima aldaketaren gainean Nairobin (Kenya) egiten ari diren biltzarrean ere oihartzuna izan zuen atzo Nazio Batuen Erakundeko Garapen Programak egindako txostenak. Izan ere, klima aldaketari buruz ere mintzo da, eta Lurraren berotzearen kontrako borrokan herrialde behartsuak ere murgilduaraztea ezinbestekoa dela dio. Eta, hain justu, horixe da Nairobiko biltzarraren helburu nagusietako bat: herrialde behartsuak klima aldaketaren kontrako borrokan murgiltzea, eta herrialde aberatsak horretarako laguntza ematera bultzatzea.
Herrialde behartsu zenbaitzuetan gordina da klima; lehorte latzak dituzte, euri-jasa beldurgarriak. Horien atzean klima aldaketa egon daitekeela dio txostenak: «Saharaz hegoaldeko Afrikako zenbait lehorte, esaterako, klima aldaketarekin lotuta daudela pentsatzen da».Horregatik, herrialde aberatsek herrialde horiei laguntza emateko obligazioa dutela gogorarazi du. Herrialde horiek orain artean aintzakotzat hartu ez direlako, hain justu, orain arteko klima aldaketaren kontrako neurriak «guztiz desegokiak» izan direla nabarmendu du.
Afrikaren kasuan, biziraupen kontua dela nabarmendu du: «Saharaz hegoaldeko Afrikan nekazaritza eremuetan bizi diren biztanleen %90 euriaren premian duennekazaritzari lotuta bizi dira». Lehorteek gosea erakartzen dute. Bizi ezina. Etorkizunerako aurreikuspenak egin dituzte, eta landa eremuetan uztak eskastu egin daitezkeela diote.
KLIMA ALDAKETA POLOETAN. Klima aldaketaren ondorioak agerikoak dira hego buruan eta ipar buruan, bietan, eta aldaketa horietako zenbait lotuta daude. Hala jakinarazi du zientzialari talde batek Nature aldizkarian publiko egin duen ikerketa batean. Atlantiko itsasoko korronteek Groenlandia eta hego burua lotzen dituztela diote zenbait adituk, eta ikerlan honek berretsi egin du haien ustea.
Groenlandiako izotz eremu batean metano kontzentrazioak ikertuta iritsi dira ondorio horretara. Izan ere, hor lortutako informazioa hego buruan lotutakoarekin alderatu dute, eta sinkronia zenbait aurkitu dituzte bi lekuetan jazo diren aldaketetan. 25 tenperatura aldaketa atzeman dituzte Groenlandian, eta hegoburuan ere horien guztien marka atzeman dute. Igaro 150.000 urteotan kliman jazotako ondorioak aztertu dituzte zientzialariek ondorio horretara iristeko.