Argentinako maputxeak. Lurren gatazka

Urak harro daude Barilochen

Argentinako justiziak Belgikako Burco taldea zigortu du maputxeei kendutako lurrak itzultzera eta haien komunitatea inguratzen duten alanbreak kentzera. Ez da indigenek izan duten gatazka bakarra

Luisa Quijada, Celestino Quijadaren alaba eta komunitateko kidea. C. V.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2023ko martxoaren 16a
00:00
Entzun

Arelauquen maputxezko hitz bat da, ur bareak esan nahi duena. Googlen arelauquen bilatuz gero, ordea, zera agertzen da lehenbizi: Arelauquen Golf & Country Club SA izeneko eraikuntza promotorearen eskaintzak. Belgikako Burco talde ekonomikoaren parte da enpresa, eta ia hamabost urte daramatza gatazkan Celestino Quijada komunitate maputxearekin. Izan ere, komunitate horrek salatu zuen —eta lofche edo komunitate horren aldeko epai bat eman da gerora— Arelauquenek alanbrez zedarritu zuela, «legez kanpo» zedarritu ere, komunitate horrena zen lurralde bat, eta, hortaz, zenbait eskari egin zituen: zedarritutako eremu hori itzul ziezaietela, Barilocheko hirirako bidean libre ibiltzen utz ziezaietela, eta ur eta argindar zerbitzuak jar ziezazkietela. Urteak dira gatazka hasi zela, baina duela aste batzuk bihurtu da albiste, hain zuzen ere justiziak ebatzi duelako Arelauquenek bere alanbreak mugitu beharko dituela.

Ikusi gehiago:«Klase eta arraza auzi bat da hau, ez ekonomikoa»

Celestino Quijada lofche-ak 70 urte pasatxo daramatza lurralde hartan, eta beti izan du harreman ona bizilagunekin. Celestino Quijadak hamalau seme-alaba izan zituen, eta horietatik hamabi han jaio ziren. Are, maputxeen tradizio bat dela kausa, hantxe daude lurperatuta lurralde hartan sortu diren guztien karenak. Datu garrantzitsua da hori gatazkaren espedienterako; izan ere, Arelauquenek esan ohi du «haiek» hamar urte baino ez daramatzatela han, eta argudio horren kontra egiteko balio du datuak. Komunitate hartako kideak lurralde hartan bizi ziren eta han lan egiten zuten harik eta Burco SA enpresak 700 hektareako lursail bat erosi zuen arte; dena den, arazorik larrienak 2007an hasi ziren, Burcok beste sail bat erosi eta komunitate horri pasabidea itxi zionean.

«Los Alamos bidea itxi zuten, eta preso utzi gintuzten geure lurraldean bertan», azaldu du Luisa Quijadak. Komunitateko kidea da, Celestino Quijadaren alabetako bat, eta haien komunitatea bizimodu publikoarekin, hau da, La Union auzoarekin lotzen duen bideaz mintzo da. 2007az geroztik, lurralde hartatik sartu-irtenak egiteko, Cerro Otto mendira igo behar izaten dute (1.400 metro), eta jaitsi gero, oinez; bi ordu inguruko bidea da. Hori gutxi ez, eta, bidea ixtearen ondorioz, pixkanaka hustuz-hustuz joan da komunitatea. Arelauquenek, ordea, pasabidea itxi ez ezik, alanbrea jartzean beste 30 hektarea ere beretu zituen legez kanpo, hain zuzen hango lur lau bakarrak direnak —gainerakoa mendia da—: hots, animaliek bazkatzeko zeukaten leku bakarra.

Jabetza

2020an, auzitara eraman zituzten, Barilocheko Justizia Federalaren aurrera, bai estatua, bai Defentsa Ministerioa eta bai Arelauquen bera. Estatua auzitara eraman zuten, hain justu, lurralde hura beraiena zela aitor zezan; izan ere, konstituzioan jasoa dago eskubide hori, baina atzeratzen ari zen, berrikuspen kontu batengatik. Egintza judizial hartarako erabili zuten arrazoibide nagusia zen estatuaren atzerapen horren ondorioz Arelauquenek modua izan zuela are lurralde gehiago bereganatzeko.

Azken urteetan, indigenek hainbat gatazka izan dituzte lurren jabetza dela eta. Benettonek eta Joe Lewisek izan dute oihartzunik handiena gatazka horietan, baina azkenaldian mintzagai izan dira beste batzuk ere, hala nola xeke arabiarrak, finantzariak, bankariak, futbolariak eta politikariak, halako egitasmoetan inbertitzen duten talde ekonomikoetako kideak denak ere. Horren erakusgarri, aspalditik halako taldeak ikertzen dabilen kazetari batek, Susana Larak, esana du Burco Desarrollos SA enpresaren hirigintza proiektuaren frakzio batzuen jabeetako bi direla Mohammad Ladjevardian —Argentinako Estatuaren kontra auzitan dabilen putre funts bateko bonudun bat— eta Pierre Andurand —2008an petrolioaren prezioa amilduko zela iragarri zuen finantzari frantses bat—. Burcok dozenaka konpainiarekin lan egiten du Argentinan, eta horietako bi dira Arelauquen eta Burco Desarrollos.

2021ean, Larak salatu zuen ezen, Ameriketako Estatu Batuetako Atlas fundazioak eskaturik, duela bi urte PPP proiektua sortu zela, Patagonian jabetza pribatua defendatzeko talde bat. Lararen arabera, PPPk 2020an egin zuen lehen ekintza, Lewisek Lago Escondidon daukan jabetzaren ondoan zegoen komunitate bat handik joanaraziz; orduan, baina, argitara ateratzen hasi ziren taldea existitzen zela frogatzen zuten zenbait albiste eta agiri, eta PPP beste egitasmo batzuen atzean ezkutatu zen.

Lewis magnate britainiarra munduko bostehun aberatsenen artean dago, eta Rio Negro probintziako Lago Escondidon daukan jabetzara Buenos Airesko zenbait epaile eta funtzionario joan izan dira —Elkarrekin Aldaketaren Alde alderdiak gobernatzen du hiria—: hain zuzen, epaile eta funtzionario horiek ikertzen ari da Barilocheko Justizia Federala, legez kanpoko helburuetarako opariak direla kausa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.