Alvaro Uribe Kolonbiako Gobernuko presidenteak gero eta aukera gehiago ditu hirugarrenez kargu bereko bozetara aurkeztu ahal izateko. Izan ere, duela zenbait aste hori ahalbidetuko dion bidea onartu zuen Senatuak, eta gaur, berriz, Kongresuak. Hau da, Konstituzioa aldatzeko herri galdeketa egiteari baietz esan dio Kongresuak: 85 diputatuk eman dute baiezkoa -84ean dago gehiengo osoa, eta hori behar zen gaia aurrera ateratzeko-, bostek kontra.
Bi agintaldi daramatza Uribek presidente, eta Konstituzioak ez dio hirugarrenerako baimenik ematen. Hori hala, 2010ean presidentegai izateko daukan aukera bakarra legedia aldatzea da. Datorren urtean egingo dituzte presidentetzarako hauteskundeak.
Orain Kolonbiako Auzitegi Konstituzionalera igaroko da ekimena. Hark 90 egun izango ditu bi ganberen erabakiaren legezkotasuna aztertu eta baliotzeko.
Uriberen jarrera
Hirugarrengoz hautagai izateari buruz galdetzen diotenean, Uribek nahiago izaten du isilik geratu. Gutxitan egiten ditu horri buruzko adierazpenak, eta pasa den maiatzekoak dira azkenak: "Presidentea betikotzea ez zait komenigarria iruditzen; lider on asko dago Kolonbian", esan zuen The Economist aldizkariak antolatutako enpresaburu bilera batean. "Gainera, neuri dagokidanez, ez dut nahi belaunaldi berriek boterea askatu ezinik dabilen politikari gisa ikus nazaten". Bere gobernuak, ordea, kontrakoa iritzi dio.
MunDUA
Uribe Kolonbiako presidentetzara hirugarrenez aurkezteko herri galdeketa egingo dute
Kongresuak gaur gehiengo osoz onartu du erreferenduma egitea. Dena dela, orain Auzitegi Konstituzionalak eman beharko du balekoa. 2010ean egingo dituzte hauteskundeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu