Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako preso independentsiten indultuaren kontrako ebazpena kaleratu izanak eta Espainiako Gobernutik indultua eskaintzeko norabidean egindako adierazpenek eztabaida politikoaren erdigunean jarri dute gaia. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak izan ditu hizpide gaur, Eusko Legebiltzarrera iristean kazetarien aurrean eginiko adierazpenetan. Urkulluren arabera, Espainiako Gobernuak indultuak ematea erabakiko balu, «azken 40 urteetako justifikatuenak» lirateke. «Espainiako gobernu ezberdinek azken 40 urteetan sinatutako indultu guztien artean, justifikatuenen zerrendan egongo lirateke hauek, elkarrizketa politikoan oinarritutako etorkizuneko bizikidetza dutelako helburu». Urkulluk nabarmendu du, era berean, indultuak eman edo ez Pedro Sanchezen gobernuari dagokion erabaki politiko bat dela, eta ez dela auzitegi baten erabakia.
Iragan hurbilean «politika egiteko modu bat» izan zenak, «155. artikulua aplikatu eta haren aplikazioa sustatu zutenen» politika egiteko moduak, «porrot» egin duela esan du Urkulluk, eta uste du indultuak emateak politika horren «porrota» aitortuko lukeeela.
Espainiako Gobernutik, bestalde, iritsi eta iritsi ari dira indultuaren aldeko mezuak. Isabel Zelaa Hezkuntza ministroaren hitzetan, «bizikidetza» hobetzeko baliagarria litzateke, eta «haustura saihesteko» eta «Katalunia esparrukonstituzionalaren barruan sartzeko ahalegin» gisa definitu du. Nabarmendu du Gorenaren ebazpena ez dela loteslea, baina zehaztu du oraindik indultuen gaia ez dagoela Ministro Kontseiluaren mahai gainean. Espaniako Gobernuaren eta Pedro Sanchezen asmoa, baina, «oso argia» dela gehitu du: «Bizikidetzaren bidean aurrepausoak ematea, eta, ondorioz, Katalunia ahalik eta modu naturalenean konstituzioaren barnean kokatzea, beti izan den bezala».
Kataluniako Parlamentuko oposizioburu eta Espainiako Osasun ministro ohiak ere indultuen aldeko jarrera erakutsi du. «Elkar uletzea» lagunduko duten neurri guztiak «positibotzat» jo ditu. «Konfiantza osoa dut Ministroen Kontseiluak eta gobernuko presidenteak hartuko duten erabakian. Eta erabaki hori, nire ustez, ezin da hartu koiuntura politikoaren edo inkesten arabera, konbikzioen arabera baizik».