Urre beltzaren hiria jokoan

Galdeketa bidez dute erabakitzekoa Kirkuk Kurdistan autonomoaren zati izango den edo Bagdaden kontrolpean jarraituko duen

arantxa elizegi egilegor
2008ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Ataka estuan dago Irakeko Gobernua. Batetik, NBE Nazio Batuen Erakundea presio egiten ari zaio Kirkuken erreferenduma egin dezan; eta bestetik, berriz, hiria Kurdistango lurralde autonomoaren esku geratuko balitz, kurduen independentziarako mugimendua indartu egingo litzateke, eta Turkiak «neurriak» har ditzake. Hori nahikoa ez, eta ateratzen den emaitza ateratzen dela ere, gatazka pizteko arriskua dago; izan ere, kurduek ez dute onartuko hiriak Bagdaden esku jarraitzea; eta ez turkmenoek ezta arabiarrek ere ez dute nahi Kirkuk Kurdistanen zati izaterik. Horiek hala, galdeketa beranduenez ekainean egin behar bazuten ere, Bagdadek erdibideko irtenbidearen zain jarraitzen du. Eta, oraingoz, ez du galdeketarako datarik jarri.

Kirkuken garrantzia ez da bakarrik sinbolikoa. Kurduen hiriburu izateaz gain, petrolio putzu nagusiak dauden eremua ere bada. Eta hori da, hain zuzen ere, eztabaida guztiak eragin dituena; urre beltza, alegia. Inork ez du zalantzan jarri Mosul edo Arbil Kurdistan autonomoko zati direla, baina Kirkuk beste kontu bat da. Irak eta Kurdistan arteko mugan egoteaz gain, hiri horretan dago Irakeko petrolioaren %40, ia erdia -hegoaldean ere badira petrolio putzu handiak-. Kontuan hartuta petrolioa dela Irakeko diru iturri nagusia, ez da harritzekoa denek nahi izatea hiriaren gaineko kontrola.

Gatazka behin betiko amaitzeko asmoz, Irakeko Konstituzioaren 140. artikulua baliatu du NBEko Irakerako ordezkari Stefan de Misturak. Horren arabera, eztabaida eragin duten eremuak normalizatzeko, errolda egingo da lehenik, eta erreferenduma ondoren. Kurduak prest daude galdeketa egiteko, ia ziurra baita, hirian gehiengoa izanik, beraiek irabaziko dutela. Kirkuken gutxiengoa diren turkmenoak eta arabiarrak, baina, ez datoz bat.

Ez aurrera, ez atzera

Arabiarrek ez dute Kurdistango Gobernuaren menpe egon nahi, Kirkukeko petrolioa Bagdadek kudeatzen jarraitzearen aldekoak dira. «Onartzen dugu NBEk rol garrantzitsua izatea, baina azken erabakia Irakeko agintariek hartu behar lukete, alde guztiekin hitz egin ostean», adierazi du Mohamed Khalilek, gutxiengo arabiarrak udaletxean duen ordezkariak. Haren iritziz, bidezkoena litzateke komunitate nagusien esku uztea Kirkukeko gobernuko karguen %32 eta %4 kaldear asiriarren esku. Turkmenoek, aldiz, hiriaren kontrola Bagdaden eta Kurdistango Gobernuaren artean partekatzearen aldekoak dira.

Kurduak, ordea, ez daude galdeketa ez den besterik onartzeko prest. «Legez Kirkuk gurea da. Besteentzat garrantzitsua bada, petrolioarengatik da. Gu justiziaz ari gara. Kurduen kontrako zapalkuntzaren ikurra da Kirkuk», dio Kurdistango Atzerri ministro Fala Mustafa Bakirrek. Izan ere, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan kurduen kontrako hainbat operazio zuzendu zituen Saddam Husseinen gobernuak. Milaka eta milaka lagun kanporatu zituzten beren herri eta etxeetatik, eta arabiarrek hartu zuten haien tokia. Kurdu eta turkmenoei lana ematea ere debekatu egin zuen Husseinek. 1991tik 2003ra bitartean, 120.000 kurdu, turkmeno eta asiriar kanporatu zituzten Kirkuketik. Beren herritartasunari uko egitea onartu ez zutelako kanporatu zituzten.

Hori jakinda, ez da harritzekoa AEBek Iraken aurkako gerra hasi zutenean, haien aliatu nagusiak kurduak izatea. Orain, beren lurraldearen jabetza berreskuratzea da haien hurrengo helburua.

Turkiaren begiradapean

Kurdistango agintariek, baina, kontu handiz jokatu behar dute auzokoek aurre egingo ez badiete. Turkiak 2003an ere ohartarazi zuen ez zuela galdeketarik onartuko. Ankara beldur da erreferenduma irabazi eta hiriaren kontrola hartzen badute, hurrengo urratsa Kurdistan osoaren independentzia lortzea izango dela. Izan ere, Kirkuk berenganatuta ez dute diru arazorik izango pauso bat gehiago eman nahi badute ere. Horiek hala, aste honetan, Bagdadek PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aurka egingo duela iragarri izanak, lasaitu egin du Turkia.

Bestalde, kontuan hartu behar da, Iraken menpeko Kurdistango agintariak 2006an hasi zirela atzerriko petrolio enpresei lizentziak saltzen. Bagdadek duela gutxi ireki dizkie ateak atzerriko enpresei. Ondorioz, ulertzekoa da nazioarteak Kirkukeko auzia lehenbailehen konpondu nahi izatea.



Azken erabakia Irakeko agintariek hartu behar lukete, alde guztiekin hitz egin ostean»

mohamed khalil
Kirkukeko gutxiengo arabiarraren ordezkaria
«Kirkuk besteentzat garrantzitsua bada, petrolioarengatik da.Gu justiziaz ari gara»

Fala Mustafa Bakir
Kurdistango Atzerri ministroa




36

Petrolioa denentzat. Hilaren hasieran, Bagdadek iragarri zuen atzerriko enpresei ateak irekiko zizkiela. Saddam Husseinek petrolioa nazionalizatzea erabaki eta 36 urtera etorri da iragarpena. Kasualitatez edo, AEBetakoak eta Erresuma Batukoak dira enpresa gehienak

Gutxiengo etniko eta erlijiosoak, gerraren biktima

Gutxiengo etniko eta erlijiosoak dira gatazkako biktima nagusiak. Horietatik shabaksak izan dira galera gehien jasan dituztenak. Kurduengandik -gutxiengo handiena- gertuago badaude ere, haien kultura desberdina da. 2003an gerra hasi zenetik, 529 shabaks hil eta 3.078k ihes egin behar izan dute.





50

Irakeko Iraultza. Mende erdia igaro da Uztailaren 14ko Iraultza izena jaso zuen estatu kolpea eman zutenetik. Ordu gutxian monarkiatik errepublika izatera igaro zen herrialdea. Kolpistek errege familia hil zuten.







Mende erdiko errepublika gatazkatsua

IRAULTZATIK OKUPAZIORA

1958ko uztailaren 14a. Monarkiaren aurkako estatu kolpea eman eta errepublika ezarri zuten.

1972. Petrolio konpainiak nazionalizatu zuen Bagdadek.

1980. Iranek mugak itxi zituen, bien arteko gerra hasiz.

1988. Kurduen aurka arma kimikoak erabiltzea leporatu zioten Bagdadi.

1990. Kuwaiti eraso zion Irakek. NBEk zigor ekonomikoekin erantzun zion.

1991. Golkoko Gerra piztu zen. Urte berean amaituko zen Kuwait askatzearekin batera.

1994. Saddam Husseinek hartu zuen agintea.

GERRAREN HASIERA

2003ko martxoaren 20a. Bagdad bonbardatu zutenAEBek.

2004. Irakeko Gobernuari itzuli zioten agintea.

2006. Hussein exekutatu zuten.

2008ko uztaila. Erasoak murriztu egin dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.