"Urriaren 1eko bigarren itzuli gisa hartuko dugu abenduaren 21a"

Junts per Catalunya-ren zerrendaren aurkezpenean hitz egin du Generalitateko buruak, bideokonferentzia bidez. Erreferendum eguneko indarkeriaren biktimak izan dituzte gogoan Sant Julia de Ramisen egindako ekitaldian.

Junts per  Catalunyaren ekitaldia. ROBIN TWONSEND, EFE
2017ko abenduaren 2a
16:02
Entzun

Iragarri zuen kanpainan presente izango zela eta hitza bete du. Bruselan egon arren, Carles Puigdemontek berak itxi du Junts per Catalunya-ko hautagaien aurkezpen ekitaldia. "Espainiari gogorarazi behar diogu oso bizirik dagoen herria dela gurea eta bere etorkizuna askatasunean eraikitzeko gosez dagoena", esan du Generalitateko buruak. Bide batez, berretsi du gatazka politikoak "hautetsontzien bidez" konpontzen direla eta ez "auzitegietan edo ministroen kontseiluetan".

PDECateko idazkari nagusi Marta Pascalen esanetan, berriz, Rajoyren eta Puigdemonten arteko plebiszitua izango da abenduaren 21ekoa. "Junts per Catalunyak argi utziko dio Espainiako Gobernuko presidenteari herri baten borondatea ezin dela artikulu batekin geldiarazi".

CUPek ere gaur aurkeztu ditu bozetarako bere zerrendak, eta horiekin batera baita euren iritziz "alderdi independentista guztiek" euren programan sartu beharko lituzketen hiru puntuak ere: errepublika estatu independente gisa ahalbidetzea; preso politikoak askatzea eta lurraldearen gaineko kontrola bereganatzea, Espainiako segurtasun indarrak kanporatuz; giza eskubide eta eskubide politikoak zabaltzea ahalbidetuko duen akordio zabala eta herriaren subiranotasunaren aitortza.

"Etsaiak ondo aukeratu"

Alderdi subiranistek ez ezik, PPk ere kanpaina aurreko ekitaldia egin du Mataron. Beran izan da Mariano Rajoy gobernuburua. Azken horrek 155aren garaipena goraipatzeko baliatu du ekitaldia, berretsiz beste behin egoera "hobeto" dagoela Katalunian. "Bizitza politikoa lasaitzen hasi da. Kataluniak legezkotasuna eta konfiantza berreskuratu ditu".

Aldi berean, ohartarazi dio Puigdemonti "Europan agintzen dutenen aurka" ez egiteko. "Bizitzan komenigarria da etsaiak ondo aukeratzea, bestela arazoak izan baititzakezu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.