Katalunia

Urriaren 1eko hautetsontziak, salgai

Katalunia Iparraldeko Elkartasun Batzordearen egitasmo bat da. Bildutako dirua preso eta erbesteratuei laguntzeko erabiliko dute.

Mila kutxa inguru jarri dituzte salgai Bartzelonan. BERRIA
2018ko urriaren 14a
09:57
Entzun

"Eromena izaten ari da hau", esan du Vicent Partal Vilaweb egunkari digitaleko zuzendariak. Bulegotik ikusten du hautetsontziak dauden aretoa, eta haien inguruan bildu den jende andana. "Kutxak erosi ahalko direla zabaldu denean, jendea pilatzen hasi da, eta 11:00etan ateak ireki ditugunean ilara luzeak zeuden kanpoan".

Orotara, mila inguru hautetsontzi jarri zituzten atzo salgai. Urriaren 1eko erreferendumari begira erosi eta erabili ez zirenak ziren. "Askoz gehiago erosi ziren, haietako batzuk Guardia Zibilak eraman zitzakeela aurreikusita", azaldu du Partalek.

Egitasmoa Katalunia Iparraldeko Elkartasun Batzordeak jarri du abian. Hautetsontziak 50 euroan jarri dituzte salgai, eta, hortik aurrera, nahi duenak gehiago ere eman zezakeen. Irabaziak, berriz, elkartasun kutxara bideratuko dituzte, zeinak preso politiko eta erbesteratuen senideei laguntzen dien.

Ez da, hala ere, halakorik egin duten lehen aldia. "Aurrez, iazko abenduan edo, antzeko zerbait egin zuten Perpinyan (Ipar Katalunia). 300 kutxa inguru izan ziren orduan", esan du Vilaweb-eko zuzendariak. Hala ere, jendetza batu da Bartzelonan kutxak erosteko eta hiru orduan amaitu dira guztiak.

Izan ere, Kataluniako historiaren atal garrantzitsu bat islatzen dute. Espainiako segurtasun indarren helburu izan ziren erreferendumaren aurreko asteetan. Tarte horretan, galdera bat zebilen guztien ahotan: "Non daude hautetsontziak?". Kataluniako Generalitateko buruak berak ez zuen erantzunik eman, baina ziurtatu zuen prest zutela urriaren 1ean bozkatzeko beharrezko guztia.

Gerora jakin zen Frantziatik egin ziotela enkargua Txinako enpresa bati, han erabiltzeko zirela esanez. Ondoren, handik Katalunia osora zabaldu zituzten, ezkutuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.