Palestinako gatazka

Urte bukaerarako Jerusalemen gainean akordioa lortzea "ezinezkoa" da, Olmerten ustez

Israelgo lehen ministroak dioenez, Annapolisko prozesu politikoaren bidean "gertuagoak" dira beste gai batzuen inguruan Tel Aviven eta Mahmud Abbasen kabinetearen jarrerak.

2008ko uztailaren 28a
17:26
Entzun
Israelgo lehen ministro Ehud Olmertek gaur Haaretz egunkari israeldarrari adierazi dionez, "ia ezinezkoa" da urte bukaerarako Jerusalemen estatusaren gainean Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasekin akordioa lortzea. PANeko buruarekin (Al Fatakoa) eta honen behin-behineko kabineteko nahiz PAE Palestina Askatzeko Erakundeko ordezkariekin iazko azaroan Annapolisen (AEB) hitzartutako prozesu politikoa aurreikusitako epean (2009ko hasiera) gauzatzerik ez zela izango adierazia zuten lehenago hala Abbasek nola kritikoek. Besteak beste, epe horretarako estatu palestinar independentea Palestina historikoaren zati batean -Gaza eta Zisjordaniaren zati batean- eratzeko hitzarmena nahiz bake akordioa sinatzea aurreikusi zuten.

"Ez dut uste elkar ulertzeak Jerusalem barne har dezakeenik", esan du gaur Olmertek, Israelgo Legebiltzarraren Atzerri Harremanetarako eta Defentsa batzordearen aurrean. Haaretz-en arabera, akordioa lortzeko "oztopo" lirateke hil honetan Palestina historikoaren hiriburuan gertatutako bi erasoak, bi palestinarrek -gerora ikusi da ez zirela ezein taldekoak- hondeamakinen bidez eginikoak.

Abbasen kabineteak -Palestinako Legebiltzarrak ez du zilegitzat jotzen- Tel Aviveko ordezkariekin daramatzan negoziazioetan, Jerusalemen azken estatusa da auzirik zailenetako bat. Palestinar askok hiriaren ekialdea etorkizuneko estatu palestinarraren hiribirua izatea nahi dute, nahiz eta badiren palestinarrak eta juduak -azken hauek gutxi- hiri santua estatu demokratiko bakarraren hiriburua izateko eskatzen dutenak, Estatu Binazionalaren Aterabidea gauzatuta.

Israelgo Gobernuak "Israelen betiereko hiriburu zatiezin" izendatua dauka Jerusalem. Nazio Batuek 1947an Palestina historikoa zatitzeko plana onartu zutenean Jerusalem eta Belen corpus separatum gisa izendatu zituzten, nazioarteko zaintzapean egon zitezen. Alabaina, 1948ko maiatzean sionistek -AEBen eta Sobiet Batasunaren laguntzaz- Israelgo Estatua sortu zutenean, Jerusalemgo mendebaldea okupatu zuten. Lehenago eta geroago Palestina osoan eta bereziki Jerusalem inguruan garbiketa etnikoa egin zuten milizia sionistek eta soldadu israeldarrek. 1948-1949ko gerran Transjordaniako armadak Jerusalemgo ekialdea okupatu zuen. 1967ko gerran, aldiz, Israelek hiriaren ekialdea okupatu zuen, eta 1981ean anexionatu.

1948tik eta 1967tik hiriaren hedadura handituz joan da Israelgo Gobernua, inguruko herri palestinar arabiarrak barne hartzeko, etorkizunera begira palestinarrek estatua osatzeko eremu txikiagoa izan dezaten. Gainera, herri eta auzo arabiarretan kokagune nahiz auzo juduak eraiki ditu Israelek, eta horietako askori izen eta izan arabiarra aldatu die, historia ezabatuta, judu bilakatu nahian. Historiagile israeldar eta palestinar askok salatu dute politika hori.

Jerusalemen asteotan izandako erasoez mintzo, Olmertek iradoki du ezinezkoa dela hirian palestinar eta juduak elkarren ondoan bizitzea. "Jerusalemen 270.000 arabiarren ondoan bizitzea posible dela uste duenak aintzat hartu behar du eraso gehiago izango direla buldozer, traktore eta autoen bidez".

Negoziazioetako beste auziak

Nolanahi ere, Israelgo lehen ministroak zehaztu du Abbasen kabinetearekiko negoziazioetan mahai gainean dauden beste auzietan "jarrerak askoz ere hurbilagoak" direla. Auzi horietako batzuk etorkizuneko estatu palestinarraren mugak, errefuxiatu palestinarren egoera -eta itzultzeko eskubidea-, uraren kontrola, banaketa hesia eta kokagune juduen estatusa dira.

Etzi Tel Aviveko eta PANeko ordezkariak -Hamasez bestekoak- Washingtonen biltzekoak dira AEBetako funtzionarioekin, Annapolisen hasitako prozesuaren orain arteko eta geroko ibilbidea eztabaidatzeko.

Al Fatari lotutako poliziak Hamaseko 54 kide atxilotu ditu

Al Fatari leial zaion PANeko Poliziak Hamasekin lotutako 54 lagun -tartean kideak, irakasleak, kazetariak eta buruzagi erlijiosoak- atxilotu ditu gaur Zisjordanian barrena, Kalkilia, Tulkarem, Hebron eta beste toki batzuetan. Azken hilabeteetan Hamaseko ehunka kide atxilotzen ari da PANeko Polizia, Mahmud Abbasek iazko ekainean alderdi islamista "legez kanpokoa" zela ebatzi zuenetik, bi taldeen arteko liskar eta borroka ugariren ostean.

Atzo, aldiz, Al Fatako kideak atxilotu zituen Gazan Hamasi leial zaion PANen adarreko poliziak. 160 bat kide atxilotu zituen, joan den astean Hamasen kontra izandako hiru erasoen gainean galdekatzeko. Ostiralean ezezagun batzuek Hamasen adar armatu Izzeddin Al Kassem Brigadetako bost ekintzaile, zibil bat eta neskatila bat hil zituzten Gazan. Hamaseko diputatu baten etxeari ere eraso zioten, biktimarik eragin gabe.

Hamasek Al Fata akusatu zuen, baina geroztik ikerketak Islamen Armadara (Al Kaedatik gertu dagoen talde islamista) hurbildu dira. Hain justu, herenegun zortzi lagun zauritu ziren Hamaseko polizien eta Islamaren Armadako ekintzaileen arteko borroketan, Gazako Sabra auzoan. Poliziak talde hartako kideak atxilotu nahi izatean piztu ziren borrokak. Azkenean bi lagun atxilotu zituzten.

Islamaren Armadak Alan Johnson BBCko kazetaria lau hilabetez bahituta eduki zuen urte hasieran, eta Hamasen adar armatuarekin eta PRC Herri Erresistentziaren Batzordeekin batera Gilad Shalit soldadu israeldarra gatibu dauka, 2006ko ekainaren 25etik.

Hamasen kontrolpeko PANeko kabineteak larrialdi bilera egingo du gaur, atentatu horien ondorioak aztertzeko. Kabinete horretako lehen ministroak, Ismail Haniak -2006tik PANeko lehen ministroa, eta iazko otsailetik ekaina arte, batasun nazionaleko lehen ministroa- Gazako poliziei agindu die lehenbailehen atxilo ditzatela joan den asteko atentatuen egileak, "palestinarren odola isurtzen saiatzen direnei esenplua emateko".

Hamasen eta Al Fataren arteko lehia latza

Hamasek Gazaren kontrola dauka iazko ekainetik, Al Fataren menpeko poliziaren koartel eta egoitza guztiak indarrez hartu zituenetik. 2006ko bozetan alderdirik bozkatuena izan zen Hamas, bai Gazan bai Zisjordnian (Eki Jerusalem barne), eta "Al Fatako elementu batzuk estatu kolpea prestatzen" ari zirela argudiatuta hartu zuen indarrez Gazaren kontrola. Lehenago eta geroago hainbat borroka izan dira Al Fatako eta Hamaseko ekintzaileen artean, Gaza eskualdean, eta ekintzaileez gain dozenaka zibil hil dira.

Hamasek Gazaren kontrola hartu ahala, Abbasek batasun nazionaleko kabinetea -Al Fatak hainbat ministro zituen- bertan behera utzi, eta behin-behineko kabinetea osatu zuen Zisjordanian, Al Fatako eta talde txikietako kideekin nahiz teknokrata independenteekin. Halere, Palestinako Kontseilu Legegileak (legebiltzarra) erabaki hori ez zela zilegi esan zuen, "Palestinako Karta urratzen duelako, eta Abbasek hori egiteko eskumenik ez duelako".

Horiek hala, Mendebaldeak eta Tel Avivek soilik Abbasen kabinetea jotzen dute zilegitzat, eta Hamasena baztertu. Gainera, 2006tik blokeo ekonomiko eta politikoa ezarria dio Israelek Gazari, eta AEBek eta Europako Batasunak horrekin bat egiten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.