Eskozia

Urtebete, egun historikorako

Independentziari buruzko eztabaida fase erabakigarrian sartu da Eskozia. Parlamentuaren saio bereziak ireki du erreferendumerako falta diren 365 egunen agenda. "Gaur urtebete falta da Eskoziak historian izan duen aukera handienerako", erran du Alex Salmond lehen ministroak.

mikel rodriguez
2013ko irailaren 18a
18:44
Entzun

1707an elkarri lotuta gelditu ziren Ingalaterrako eta Eskoziako koroak. Hiru mende baino gehiago iraun duen batasunaren ondoren, urtebete eskas falta da eskoziarrek Londresi lotuta jarraitu edo berriz ere estatu independente izan nahi duten jakiteko. "Horrelako erreferendumak belaunaldi bakoitzean behin izaten dira, beraz, horrek erran nahi du hurrengo urteko irailaren 18ko botoa eskoziar anitzentzat bizitzan edukiko duten aukera bakarra izanen dela herrialdearen etorkizuna aukeratzeko", erran du Alex Salmond lehen ministro eta SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko buruak. 

Urtebeteren faltan, parlamentuak etorkizunaren inguruko debatea hasi du gaur arratsaldean, Edinburgon. Azaroan erreferendumerako legea bozkatuko du ganberak, eta hilabete horretan ere espero da Eskoziako Gobernuak independentziarako plan zehatza aurkeztea. Abenduan, berriz, Elizabeth II.a Erresuma Batuko erreginak oniritzia emanen dio Eskoziako Parlamentuak onartutako erreferendumerako legeari, eta horrekin Eskozia urte erabakigarrian sartuko da.

Azken egunotan etengabea izan da inkesten jarioa, aldekoen eta kontrakoen portzentajearekin alde batetik, eta independentziak ekonomiari ekar liezazkiokeen ondorioekin bertze aldetik. Gehienak unionisten aldekoak dira, baina oro har gustu guztitako emaitzak eman dituzte. Daily Mail-ek gaur argitaratutako inkesta baten arabera, %59k independentziaren aurka bozkatuko luke, eta %27k, berriz, alde. The Herald egunkariak argitaratutakoaren arabera, eskoziarren %45ek uste du ekonomiak okerrera eginen lukeela independentizarekin, eta %23k, berriz, hobera. %15entzat ez luke eraginik izanen. Britainia Handiko Merkataritza Ganberak herenegun argitaratutako bertze inkesta baten arabera, independentziaren inguruko eztabaidak ez du ondoriorik utzi Eskoziako ekonomian (2.000 enpresari egin die elkarrizketa).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.