Arratsaldeko hirurak jotzeko daudela, Tarek Xalaby blogariak hau idatzi du sare sozial batean: «Islamistek ezingo dute indarrik gabe utzi hainbeste jende. Hau manifestazio bat da, ez ospakizun bat». Halaxe azaldu du atzoko ekitaldiek bi alde zituztela. Ekitaldi horietan, milaka egiptoarrek gogora ekarri dute orain dela urtebete egindako manifestazioa, handik hemezortzi egunera Hosni Mubarak boteretik kentzea ekarri zuena, diktaduran 30 urte pasatu eta gero. Bezperatik, Anaia Musulmanak sartuak ziren Tahrir plazan, hura kontrolatu nahian, baina arratsaldean dozena bat manifestazio jendetsuk bat egin dute iraultzaren erdigunean, protesta egiteko asmoz.
«Oso pozik gaude, orain nahi duguna esan eta egin dezakegu-eta», esan du Ahmed Awad-ek; negozio gizon bat da, 48 urtekoa, Xarqiya probintziatik joana Tahrirrera, eta Anaia Musulmanen Askatasuna eta Justizia alderdiarekin aurkeztu da hauteskundeetan. Awadentzat eta haren kideentzat, ospakizun eguna zen atzokoa: «Iraultzak sekulako aldaketa ekarri digu Anaia Musulmanoi. Lehen, jazarri egin ziguten; orain, hauteskundeak irabazi ditugu». Kexurik ez du militarren kudeaketaren inguruan, baina felul-ei —hau da, aurreko erregimeneko kideei— leporatu dizkie azken hilabeteetako arazoak; haren ustez, «Egiptoren zenbitzuan lanean» aritzea da orain Askatasuna eta Justizia alderdiaren egitekoa.
Bestela mintzo dira gazte aktibistak, iraultzaren egiatako eragileak, «ogia, askatasuna eta justizia soziala» oihukatzen duten bitartean. Gazte Iraultzaileen Koalizioak komunikatu bat egin du, eta exijitu botereak berehala eskuz aldatzeko, martirien familiei ordain bidezkoa emateko, konstituzioa idatziko dutenen artean oreka izateko, gizarte justizia lantzeko, auzitegi militarrak bukatzeko, justizia sistema independentea osatzeko, komunikabide publikoak berritzeko. Kantari protestan, honela zioten atzo: «Yaskut, yaskut, hukma el askar». Hau da, «utikan botere militarra». Armadak, berriz, egun aproposa dela iritzita ziurrenik, iragarri du ekainaren 30ean utziko duela gobernua.
Plazara protesta egiteko joandakoa da Mahmud Samaha, 70 urtekoa. Iraultzaren Zaintzailea alderdiko kapela jantzita dabil paseoan; berak sortu du alderdi hori, beste herritar batzuekin, baina ez dute lortu parlamentuan ordezkaririk izatea. «Biktimak gogorarazteko etorri gara, eta iraultza ez delako bukatu ere bai», esan du Samahak. Gainera, argi eta garbi gogorarazi du: «Urte honetan ez da hobera egin, ez baitago ez askatasunik eta ez justizia sozialik».
Rami Mahmud-ek 23 urte ditu, eta orain dela urtebete Sinain zen, soldadutza egiten; Mahmudek ere gogoan ditu biktimak. «Armadan egindako boladaz harro», dimisioa eskatu die lider militarrei, «ez baitira Egiptoko armada loriatsua».
Larrialdi Legea, indarrik gabe?
Urteurrenaren bezperan, Indar Armatuen Kontseilu Gorenak iragarri zuen, keinu bat eginez, indarrik gabe utziko duela Larrialdi Legea —indarrean egon da 1967az geroztik, salbu 1980 inguruko 18 hilabetetan—; era berean, adierazi zuen amnistia emango dietela azken hilabeteotan auzitegi militarretan epaituriko 1.959 preso politikori. Neurri horiek hartuz, eta iraultzan izaniko biktimei buruz begirunez hitz eginez, erakundearen izena garbitu nahi dute, neurri handi batean galdua baitu orain dela hamabi hilabete zitzaion errespetu sakona.
Baina Tantawi mariskal eta defacto-ko presidenteak iragarri bezala Larrialdi Legea indargabetzeko, baldintza bat bete beharra dago: Tantawik berak adierazi du lege hori erabiltzen segituko dutela «bandalismoa» gertatzen denean. Eta kontua da armada hasia dela hitz hori erabiltzen Tahrir plazako aktibistei buruz hitz egiteko. Human Rights Watch-ek esana du salbuespen hori «gehiegikeriak egiten segitzeko bidea» dela. Itzal handiko nazioarteko erakunde horren arabera, «lider militarrek maiz leporatu diete manifestariei bandaloak izatea, eta auzitegi militarrek zigorrak jarri dizkiete hainbat manifestari baketsuri, bandalismoa egotzi eta epaiketa bidegabeak eginda».
Nolanahi ere, atzo kalera ateratako milaka herritarrek erronka jo diote Kontseilu Militarrak manifestarien izena belzteko hasitako kanpainari. Azken asteotan, Kairoko kaleetan aktibista ezagun batzuei erasan egin diete itxuraz ondo antolaturiko talde batzuek; aktibistek berek diotenez, soldatapeko gaizkile arruntak dabiltza horretan.
Armada eta giza eskubideak
«2011ko urtarrilaren 28an, armada hedatu zen Mubaraken diktadura salbatzeko; handik astebetera, konturatu zen salbaezina zela». Hixam Kassamek joan den astean kazetarien aurrean esandakoa da. Al-Masry al-Youm kazeta independentearen sortzailea da Kassam, eta boterea duen edonoren aurkari «amorratua». Ziur dago Kontseilu Militarrak inoiz ez duela herrialdea gidatzeko planik izan, «inoiz ez», baina, haren hitzen ziurtasunaz harago, azken hamabi hilabeteetan polemika eta iraultzaileen frustrazioa nabarmendu dira; pixkanaka-pixkanaka, ohartu dira kontseilu horrek bere interesak babestu nahi dituela ororen gainetik.
«Azken urtea etsigarria izan da giza eskubideen aldetik. Hosni Mubaraken garaian baino okerrago daude», dio Mohamed Zareek, Giza Eskubideen Kairoko Ikerketa Zentroko zuzendariak. Egoerak okerrera egin zuen Mubarak erori eta hilabete igaro aurretik, jarrera alderdikoiek indarkeria ekarri zutenean, Qina hegoaldeko eskualdean; istiluak Minyara zabaldu ziren, eta Kairoko auzo batean jarraitu, Imbaban, non ustez kontu garbiketa batek hamabi hildako eragin zituen. «Jendea intolerante bilakatu da», Zareeren ustez.
Sasoi honetako bortxarik handiena zibilak auzitegi militarretara eramatea izan da. Larrialdi Legearen babesean, 13.000 zibil igaro dira militarren epaitegietatik, gehienak arlo publikoan militarrek egindako kudeaketa gaitzesteagatik. «Mubaraken 30 urteetan baino epaiketa militar gehiago egin dituzte», Zareeren arabera. Maikel Nabil ekintzaile askatu berria da adibideetako bat: lehenetakoa izan zen armada eta herria ez zirela bat esaten. Kontseilu Militarrak ez du inoiz batere errespetatu Nabilen duintasuna, salatu duenez.
Nabarmenak izan dira urraketak herritarrek eta armadak aurrez aurre izandako hiru liskar handienetan; ehun hildako inguru eragin zituzten. Urrian, berriz, kristauen manifestazioa geldiarazi zuten, telebista publikoaren aurrean. «Sarraskia izan zen», gogorarazi du Zareek. «Ez da ikerketa independenterik izan; azkenaldian, hiru soldadu baino ez dituzte auzipetu, eta huts egiteagatik soilik. Hasieran, Mina Daniel blogariari leporatu zioten gertatutakoa, biktimetako bati». Beste hainbeste gertatu zen azaroan, Mohamed Mahmud kalean «haserretuta» zegoen Poliziarekin izandako liskarretan, eta abenduan Ministroen Kontseiluaren eraikinaren aurrean. Hori guztia gertatu ondoren, «herria desorekatu nahi duen» atzerriko esku bat zegoela esan zuten, eta ikertzeko agindu zuten, baina goi mailako buruzagien artean ondoriorik izan gabe.
Komunikabideak kontrolatzen eta zentsuratzen dituen kanpaina militarraren helburua argi dago: iraultzaileek prestigioa galtzea «gehiengo isilaren» begietan, zeinak egonkortasuna nahi duen eta konforme dagoen prozesu demokratikoarekin. «Armadak burua berotzen die soldaduei, eta esaten die Tahrir plazako jendea traidorea dela, sexu harremanak izaten dituela kalean, droga kontsumitzen duela». Bakarrik horrela zuri dezake armadak, Zareeren ustez, emakume bati egindakoa: gerritik gorako arropa kendu, eta bularrean jo zuten, babesik gabe lurrean zegoen bitartean. Horrela zuritu dituzte birjintasun probak ere, emakumeek Tahrirren lo egiten zutelako, gizonen ondoan. Horregatik esan du militar batek baita hau ere: «Tahrir plazako jendeak gas ganberara joan beharko luke».
Eta baliatu dute atzerriko eskuaren kontu hori erabiltzeko aukera ere. Abenduaren amaieran, polizia operazio bat egin zuten gobernuz kanpoko hamazazpi erakunderen kontra, kanpotik dirua jasotzen zutelako. Giza Eskubideen Kairoko Ikerketa Zentroa horien artean egon ez arren, Zareek uste du zerrendan dagoela. «Lege berriak gobernuz kanpoko erakundeak desagerraraziko ditu, eta ezinezkoa izango da giza eskubideen arloan lan egitea». Zareek jakin nahi du zergatik islamistei ez dieten ezer esaten Persiar golkoko dirua jasotzeagatik; gobernuak zergatik onartzen duenAEBek urtero ematen dioten 1.300 milioi dolarreko laguntza zuzena. «Kanpainak dio gobernuz kanpoko erakundeek jasotzen duten diruarekin herria suntsitu nahi dutela».
Zareerentzat, ez da urratsik egin emakumeen eskubideen inguruan: «Alderantziz, sexu jazarpenak aurrera jarraitzen du». 508 eserlekuetatik zortzi bakarrik dira emakumeenak —Mubaraken garaian, 65—. «Ezinbestekoa» iruditzen zaio hori aldatzea, eta «erronka bat izango da giza eskubideen aldeko erakundeentzat, batez ere banakoaren eskubideak defendatzea, parlamentuko gehiengo islamistaren aurrean». Edozein moduz, egiptoarren hautuaren isla da legebiltzar osatu berria; haiek aukeratu dituzte legebiltzarkideak, «gutxi gorabehera modu garbian». Gutxi gorabehera.
Egiptoko matxinaden urteurrena
Urtebete, eta zer ospatu gutxi
Milaka eta milaka egiptoar kalera atera dira, Tahrir plazan Mubarak joateko eskatuz protestak hasi ziren egunaren urteurrenean: islamistak pozik daude lortu duten pisuagatik; liberalak, berriz, protestan, gobernu militarra bukatzeko eskaka. Armadak iragarri du ekainaren 30ean utziko duela gobernua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu