Pakistan ez dago prest. Ez dago prest aurtengo montzoien garaiak eragin ditzakeen uholdeei aurre egiteko, ezta bestelako hondamendi naturalak gainditzeko ere. Hala adierazi du Oxfam erakundeak, herrialdeak pairatu duen hondamendi natural handienetik urtebete igaro denean.1.750 hildako eragin zituzten uholdeek, eta hogei milioi lagun baino gehiago kaltetu. Pakistango Gobernuak eta hainbat erakundek hartutako neurriak ez dira behar bezain eraginkorrak izan. Eta ez da uholdeen suntsipenak lehenengoz harrapatu dituelako.
1947. urtetik 67 aldiz urpetu da Pakistan, eta Oxfam erakundearen txosten baten arabera, aldaketa klimatikoak uholdeen maiztasuna handitu dezake. Aurrekariak kontuan hartuta, aurtengoan gerta daitekeenari neurria jarri diote dagoeneko NBE Nazio Batuen Erakundeak eta Pakistango Gobernuak: montzoien garaiak bi eta bost milioi lagun artean kaltetu ditzake.
NBEk uholdeen ostean kaleratu dituen datuen arabera, 824.000 etxek suntsituta jarraitzen dute. Mediku laguntza behar duten 6,2 milioitik gehienek elikadura urritasuna pairatzen dute, eta 1,3 milioik ez dute hezkuntzarako sarbiderik. Hondamena gertatu zenetik urtebetera, ez dute berreraikitzea hasi; prozesua hasierako berritze fasean dago. Fase hori aurrera eramateko, NBEk 2.000 milioi dolar eskatu zituen iaz, eta oraindik 570 inguru jaso gabe ditu. Berreraikitzeak 10.000 milioi dolarreko kostua izango duela espero dute; uholdeak eragindako kalteak, berriz, 9.700 milioi dolarrekoak izan zirela neurtu zuten Munduko Bankuak eta Asiako Garapenerako bankuak.
Elikadura urritasuna
Sind probintzia izan zen gehien kaltetu zenetako bat, eta oraindik ere hala da. Oxfam gobernuz kanpoko erakundearen datuen arabera, 37.000 lagun kanpadendatan bizi dira han. 800.000 familia baino gehiagok ez dute behar bezalako etxerik, ezta uholde posibleen aurreko defentsarik ere. Erakundetik adierazi dutenez, herritarrak beldur dira gerta daitekeenaz. Ohikoa baino gutxiago ereiten ari dira euren lurretan, uholdeek uzta suntsituko dutenaren beldur.
Sinden bereziki kezkagarria da haurren eta emakumeen egoera. Unicef erakundea buru-belarri dabil lanean, probintziako elikadura urritasunari aurre egiteko. Haurren elikadura urritasunaren tasa %23koa da, eta Osasunerako Mundu Erakundeak larrialdi maila %15ean du ezarria. Oinarrizko elikagaiak ematearekin batera, beste hainbat laguntza ere eskaintzen die Unicefek inguru horretan izan diren kaltetuei: elikagai terapeutikoak, higiene ohituren inguruko bilerak, edoskitzaroaren gaineko azalpenak eta osasun egoeraren hobetzea ziurtatuko duten behaketak.
Laborantza inguruak lur jota utzi zituen hondamendiak. Kaltetutako biztanleriaren %80 nekazaritzatik bizi ziren, eta 5,1 mila milioi dolarreko galerak eragin zituen. Udaberrian ereindako uztak eta neguko garaiko gariaren ereinaldiak zapuztu zituen. Uholdeei aurre egin zieten abereek ez zuten pentsurik, ez ukuilurik, ezta albaitarien laguntzarik ere. Urtebete eta gero, ordea, zutitu dira uholdeak burumakur utzi zituenak. Lanean dira laborariak, FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen laguntzari esker. 900.000 familia sostengatu ditu erakundeak, eta lehentasunezko plan bat garatu du, ahalik eta eraginkorren izan eta gastuak murrizteko. Ureztatzeko sistemen konponketaz, azienden pentsuaz eta ereiteko haziez hornitu ditu hainbat familia.
Ehunka herrik jadanik jasan dituzte uholdeak, eta familia asko lekualdatu egin behar izan dira Sind eta Punjab probintzietan izandako uholdeen ondorioz. Oxfam erakundeak kezka azaldu du egungo egoeraren aurrean. «Pakistanek orain du jokatzeko garaia», adierazi du Neva Khanek, erakundeak Pakistanen duen zuzendariak. «Hondamendien inpaktua gutxituko duten neurrietan inbertitzea funtsezkoa da bizitzak salbatzeko eta etorkizuneko garapenaren fruituak babesteko». Etxe sendoak eraikitzea eta alerta sistema goiztiarrak ezartzea proposatu dio gobernuari.
Gobernuak izandako jarrera kritikatu du Khanek. «Berreraikitzearen erritmo motelak milioika pertsona arriskuan jarri ditu alferrik». Haren ustetan, urteetan ez da Pakistango gizon, emakume eta haurrak babesteko beharrezkoa zena egin. NDMA Hondamenen Kudeaketarako Nazio Aginteak ere zalantzan jarri du gobernuak hartutako neurrien eraginkortasuna. Imtiaz Mohyudin bozeramaileak administrazio lokalak kritikatu ditu, baita estatuak hondamendiari aurre egiteko zuen prestakuntzarik eza ere. Hark azaldu duenez, askok ez zuten bere momentuan ordainik jaso, eta suspertzea oso motel doa. Oraindik 2,5 milioi lagun «teilaperik gabe» bizi dira, GKEek jarritako kanpadendetan. «Gehienak kaltetutako ingurura itzuli ziren euren etxeak berreraikitzeko, eta euren kasa egiten ari dira lanak». Mohyudinek dioenez, jendea eremu ziurretara eramaten saiatzen ari da gobernua, ibaiaren inguruko eremu «ez gomendagarriak» husteko.
Zuhurtziaz jokatzea
Pakistango Indar Armatuetako Azmat Ali jenerala itxaropentsu da, eta egoera «bere onera itzultzen» ari dela uste du. Alerta mekanismoak indartu dituzte, eta etorkizunean gerta daitekeen edozein gertakizunaren aurrean prest daude. CICR Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordea eta Pakistango Ilargi Gorria ere lanean jarraitzeko moduan daude. Iaz elkarlanean aritu ziren kaltetuei laguntza eskaintzeko. Geroztik buru-belarri aritu badira ere, oraindik lan asko dagoela ohartarazi dute. Ez da, ordea, lan erraza izango. «Ez da euri gehiegi beharko iaz kaltetutakoak berriro eskasia egoeran jartzeko», dio Nilofar Bahktiar Gurutze Gorriaren Pakistango arduradunak. Horrekin batera, zuhurtziaz lan egitearen garrantzia nabarmendu du. «Zuzen erantzuten ez bada, krisi humanitarioa paira dezakete iaz kaltetu ziren inguruak». Datozen astetan 11.500 familia lagunduko ditu Gurutze Gorriak, etxebizitza berriak finantzatuz.
Azken hondamenak eragindako txikizioaren aurrean herritarrek izan zuten jokaera goraipatu du Rauf Engin Soysalek, NBEk Pakistanen duen berriemaileak. Herrialdeko hainbat eragileren eskuzabaltasuna denbora aurrera joan ahala «nabarmen gutxitu» da. «Duela urtebete Pakistango herritarrei egindako promesak betetzen jarrai dezatela».
Urtebete ez da nahikoa izan
Urtebete igaro da Pakistanek bere historian jasandako uholde bortitzenetatik; kaltetuen egoera ezer gutxi aldatu da geroztikAurtengo montzoien garaiak bi eta bost milioi lagun artean kaltetu ditzake
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu