italia

Urtebeteko zigorra Berlusconiri, estatuko sekretua haustea leporatuta

'Unipol prozesua' delakoaren harira zigortu du Milango epaitegi batek, 'Il Giornale' egunkarian telefonozko entzuketak argitaratzeagatik. Fiskaltzak urtebeteko espetxe zigorra eskatu zuen. Haren anaia Paolori bi urte eta hiru hileko zigorra jarri diote. Beste bi auzi zabalik ditu oraindik.

2013ko martxoaren 7a
19:05
Entzun

Hain justu, oposizioari kalte egitearren estatuko sekretua haustea leporatzen diote, 2005ean Il Giornale egunkarian telefonozko entzuketak argitaratzeagatik. Haren anaia Paolo da egunkari horren jabe —bi urte eta hiru hileko zigorra jarri diote hari—. Fiskaltzak hiru urte eta hiru hilabeteko zigorra eskatu zuen azken horrentzat. 

Entzuketetan Giovanni Consorte Unipoleko presidentearen eta Piero Fassino DS alderdiko buruaren arteko elkarrizketa bat entzuten zen; BNL Banca Nazionale del Lavororen kontrola euren esku hartzearen gainean hitz egin zuten. Fiskalen arabera, elkarrizketa argitaratzearen helburua Berlusconiren aurkari politikoari kalte egitea zen. Fassinori 80.000 euro ordaintzera ere zigortu dituzte Berlusconi anaiak.

"Uste dut lehenengo aldia dela sumarioko sekretua urratzeagatik kondena bat ezartzen dena", esan du Piero Longo Berlusconiren abokatuak, La Repubblica egunkarian egindako adierazpenetan. Haren ustetan, Italiako lehen ministro ohiaren aurkako frogek "kontraesanak" zituzten. "Beste izen bat duen norbait defendatzea gustatuko litzaidake, eta ez Milanen", gaineratu du.

Aurretik Milango epaitegiaren aurka hitz egindakoa da Berlusconi. Veronica Lario emazte ohiarengandik banandu zeneko ebazpena atera zutenean, Berlusconik esan zuen hiru epaileak "emakumezkoak, feministak eta komunistak" zirela. "Milango epaileek 1994tik jarraitzen didate", gaineratu zuen.

Auzi gehiago zabalik

Oraindik baditu Berlusconik beste hainbat auzi zabalik; datozen egunetan espero dira erabakiak:

- Ruby auzia. Adingabeak prostituziora bultzatzea eta boterea gehiegikeriaz erabiltzea leporatzen diote. Lehenagatik, sei hilabete eta hiru urte arteko zigorra; bigarrenagatik, lau eta hamabi urte artekoa.

- Mediaset prozesua. Zerga iruzurra egozten diote. Zigorrak iraun behar lukeen lau urteetatik hiru baliogabe gelditu dira; bestea preskribatzeko bidean da.

Napoliko Fiskaltza ere Berlusconi ikertzen hasi da, ustelkeria eta senatarien eroskeria kasu bat dela medio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.