"Aldaketa iritsi da" esan zuen duela urte bat Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidente demokratak hauteskundeak irabazi zituen egunean, eta hala izan zen. AEBetako lehen presidente beltzean bihurtu zen John McCain errepublikarrari irabazi ondotik. %54ko babesa jaso zuen Obamak bozetan eta urtarrilean kargua hartu zuenean %70 sostengua zuen. Estatubatuar askok fede osoa zuten presidente berrian, baita AEBetatik kanpo bizi zirenek ere. Arazo guztiei irtenbidea ekarriko zien gizona zela zioten, munduko presidentea deitua askotan. Obamaren ingurukoek egindako marketing kanpaina izugarriak zerikusi handia izan du agintaria idolo bihurtzean.
Egun, ordea, azken inkesten arabera, estatubatuarren %54ak sinesten du Obamarengan. Urtarrilean presidente izendatu zutenetik haren ospeak behera egin du. Hauteskunde kanpainan agindutako hainbat neurri espero baino lan gehiago ematen ari zaio Obamari; plan ekonomiko bideragarri bat eratzea, osasun arloko erreforma, Guantanamoren itxiera, Ekialde Hurbilerako bake plana aurrera eramatea; besteak beste.
Guantanamoren kasuan, datorren urterako itxita egongo zela ziurtatu zuen AEBetako presidenteak, baina auzia geldirik dago une hauetan; Ekialde Hurbilean bake negoziazioak sustatzeko ahaleginak, berriz, bere horretan daude. Zailtasunak ikusirik, hainbat erabaki garrantzitsu datorren urterako utzi behar izan dituztela baieztatu du Etxe Zuriak; klima aldaketaren legea edota immigrazio erreformarena kasu.
Urte beteko agintaldian Obamak herritar askok espero zutena baina gutxiago eskaini duela diote askok. Estatubatuarrek presidentearengan jarritako gehiegizko esperantzak izan dezake errua, baina oraindik presidente bezala gutxienez beste hiru urte geratzen zaizkio Obamari, piztutako itxaropen horiek betetzeko. Duela gutxi Bakearen Nobel Saria berarentzat izango dela jakin da eta horrek erabakiak hartzerako garaian bultzada eman diezaioke AEBetako presidenteari. Saria Obamari ematea batzuk gehiegizkotzat jo dute hori lortzeko "ezer ez duela egin" argudiatuta. Hala ere, badaude oraindik duela urte bat presidentearengan zuten esperantza mantentzen dutenak, eta etorkizunari begira aldaketa iristeko itxaropena dutenak. Oraindik "ezer ez duela egin" diotenei "egingo duela" erantzuten dietenak.
munDUA
Urtebetera, espero baino gehiago kostatzen ari zaio Obamari agindutakoa betetzea
Azaroaren 4an John McCain errepublikarrari presidentetzarako bozetan irabazi zion Obamak, %54ko babesarekin. Urtarrilean presidente izendatu zutenean %70eko babesa zuen AEBetako presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu