Urtemuga ospatzeko hainbat ekitaldi egingo dituzte Euskal Herrian

Kristina Berasain Tristan.
2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Fronte Polisarioaren 50. urtemuga ospatzeko hainbat ekitaldi egingo dituzte datozen egunotan Euskal Herrian. Larunbatean, hilaren 13an, manifestazioa egingo dute Bilbon; Moyua plazatik abiatuko da martxa, 11:30ean, eta Marokoren kontsulatuaren aurrean amaituko da, Errekalde Zumardia kaleko 27. zenbakian. Existentzia inposatzeko mende erdiko iraunkortasuna eta ahalegina izango da mobilizazioaren leloa.

Ekitaldi hori, baina, ez da bakarra izango. Asteazkenean, urtemugaren egunean, ekitaldi instituzionala egingo da Eusko Legebiltzarrean. Fronte Polisarioak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkaritzak antolatu du ekitaldia. Aurki aldaketak izango dira ordezkaritzan: Mohamed Fadel Mojtarrek hartuko du Jadiyetu El Mohtarren lekua. El Mohtar Madrilgo komunitateko ordezkaria izango da aurrerantzean.

Euskal Herrian bizi diren sahararrek, diasporako sahararrek, eta elkartasun mugimenduek ere egitarau oparoa antolatu dute datozen egunotarako. Asteartean, hainbat ekitaldi egingo dira Arrasaten. Tolosan ere antolatu dituzte zenbait jarduera. Maiatza Borrokan egitasmoaren barruan, poema emanaldiak, hitzaldiak, dokumentalak eta solasaldiak izango dira. Maiatzaren 20an, berriz, elkarretaratzea egingo da Trianguloan, 12:00etan. Gasteizen, bestalde, egun osoko festa izango da egun horretan, hilaren 20an.

Kanpalekuetan ere bai

Tindufeko (Aljeria) kanpalekuetan ere ekitaldiak egingo dituzte. Bouchraya Hamoudi Bayoune lehen ministroak jakinarazi du desfile militar handi bat egingo dela Auserden. Gainera, hitzaldiak eta mintegiak egingo dira wilayetan, eta espero da nazioartetik elkartasun mugimenduetako hainbat lagun bertaratzea. Hamoudiren hitzetan, askapen mugimendu nazionalak irmo eutsi dio, haren aurkako konspirazioen eta aliantzen gainetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.