Uruguaiko Presidentetzak diktadurako 465 biktimen zerrenda jarri du bere webgunean. 1973tik 1985era desagerpenagatik edo hilketagatik paratutako salaketen zerrenda da. Neurri horren helburua «interesatuek» edo epaileek salaketa horien txostenak non dauden jakitea da, kasuak berriz ere abiarazteko. Izan ere, heldu den azaroaren 1ean diktadura garaiko krimenak baliogabetuta geldituko dira, eta epe hori bete baino lehen delituak ikertzeko azken aukera eman nahi du gobernuak.
Argitaratutako zerrendan daude Iraungitze Legeak blokeatutako 88 salaketa ere. Lege horren arabera, diktadurako krimenak ezin dira ikertu presidentearen baimenik gabe. Julio Maria Sangunettiren (1985-1990 eta 1995-2000), Luis Alberto Lacalleren (1990-1995) eta Jorge Battleren (2000-2005) legealdietan blokeatu zituzten salaketa horiek. Jose Mujica egungo presidenteak, baina, iragan ekainean bidea ireki zien, dekretu baten bidez, «zilegitasun arrazoiengatik».
Presidentetzak argitaratutako txostenean, biktimen izen-abizenak, salaketa paratutako auzitegia, auzibidearen zenbakia, kasuaz arduratutako fiskaltza eta akusatuen edo zigortuen izen-abizenak ageri dira (egon badira). Presidentetzak ohartarazi du, hala ere, litekeena dela zerrenda horretan ez agertzea diktadurako biktima guztiak, informazioaren «sakabanaketa» dela eta.
«Delitu arruntak»
Iraungitze Legea 1986an paratu zen indarrean, diktadura garaian estatuko indarrek egindako krimenak auzitara eramatea saihesteko. 1989an eta 2009an erreferendum baten bidez berretsi zuten araua. Iragan maiatzean FA Fronte Zabala alderdiak legea bertan behera uzteko proposamena egin zuen Parlamentuan, baina oposizioaren eta alderdiko kide baten aurkako botoengatik ez zuen lortu. Handik egun batzuetara, Auzitegi Gorenak ebatzi zuen diktadurako delituak azaroaren 1ean baliogabetuko zirela, horren ustez, «delitu arruntak» direlako eta ez gizateriaren aurkakoak.
Uruguaik diktadurako 465 biktimen izenak jakinarazi ditu
Diktadurako delituak baliogabetuta gelditu aitzinetik horiek ikertzeko aukera eman nahi du gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu