«Igandean euria egitea espero dugu. Euri tanten ordez, baina, botoak euria balira bezala erortzea nahi dugu», adierazi du Wilfredo Penco Hauteskunde Batzordeko ministroak, azken egunetan izan dituzten euriteek herritarren parte-hartzean eragingo ez dutela adieraziz. Hemeretzi departamendutatik erditan, izan ere, uholdeen ondorioak ari dira sufritzen. Uruguai eta Negro ibaiek gainezka egin dute, eta kasik 6.000 lagun ebakuatu dituzte. Dena dela, botoa ematea derrigorrezkoa da Uruguain. Hala, uholdeak izan edo ez, parte-hartzea handia izango da.
Presidentea aukeratzeko hauteskundeek luze jo dute Uruguain. Hasi primarioetatik, eta hautagaiak elkarren aurkako kanpainan lehiatu bitartean, urtebete pasatu da. Halaber, aurreikusi moduan, joan den urriaren 25ean egindako bozetan ez zuen hautagai batek berak ere aski sostengu eskuratu. Botoen %48 lortu zituen Mujicak. Presidente kargua eskuratzeko, baina, gehiengo osoa behar zuen; horregatik egingo dute gaur bigarren itzulia. Alderdi Nazionaleko buru Lacallek botoen %29 eskuratu zituen -nabarmen egin zuen atzera-, eta Colorado alderdiak, berriz, %18. Azken horrek hautagai kontserbadorearen aldeko botoa eskatu du bigarren itzulian.
Espero bezala Mujica garaile ateratzen bada, Fronte Zabalak aski sostengu parlamentarioarekin aginduko du Uruguain. Iragan urrian, izan ere, ezkerrak gehiengoa lortu zuen Parlamentuan eta Senatuan.
Kanpaina gogorra
Kritikak eta aurkariaren izen ona zikintzeko ahaleginak asko izan dira hauteskunde kanpainan. Saul Feldman kontu emaileari aurkitutako armategiak horretarako aukera eman dio Lacalleri. Alderdi Nazionalak harremanetan jarri zituen Feldman eta Nazio Askapenerako Mugimendua-Tupamaroak gerrilla -Mujica gerrillari izan zen bertan-, ezkerreko hautagaiaren izen ona zikintzeko. Eduardo Bottinelli analista politikoak dio, baina, estrategia hori ez dela egokia izan: «Mujica gerrillariak jendearengan beldurra sor dezan nahi dute, baina inolaz ez dira beldurtuko horregatik. Ezustean harrapatzen duten pertsona horietakoa delako, edo haren izaera gogorra delako ikaratzen da jendea, ez baina, haren iraganagatik».
Inkesten arabera, Jose Mujicak botoen %49 eta %51 artean eskuratuko ditu bigarren itzulian. Lacallek, Colorado alderdiaren sostengua izanda ere, botoen %41 eskuratuko lituzke.
Soslaiak
Jose MujicaEzkertiar moderatua
Gazteak eta jatorri apaleko boto-emaileak ditu alde Jose Mujica Pepe-k (Montevideo, 1935). Tupamaroen gerrillako buruzagietako bat izan zen, eta horregatik hartu zuten preso diktaduran.Kartzelan egon zen urteetan (1973-1985) gogor torturatu zuten; hortik, neurri handi batean, Uruguain den politikari maitatuen bihurtu izana. Politikan ere luze aritutakoa da; besteak beste, Abeltzaintza, Nekazaritza eta Arrantza ministro izan da, baita hainbat urtez senatari ere. Orain bera da presidente izateko faborito.Haren ibilbidea aintzat hartuta, hainbatek esperoko zuten harengandik diskurtso ezkertiarragoa. Alabaina, Hugo Chavez Venezuelako presidentearengandik distantzia hartuta, Brasilgo ildo politikoetatik gertuago sentitzen dela adierazi du.
Lucia Topolansky senatariarekin dago ezkonduta Mujica.I. Z.
Luis Alberto Lacalle
Ospe gutxiko presidente ohia
Hauteskundeak irabazten baditu, zergak murriztuko dituela agindu du Luis Alberto Lacallek (Montevideo, 1941), Alderdi Nazionaleko hautagaiak. Horrek, baina, haren aldeko sostengua handitu baino, herritar askoren mesfidantza areagotu du. Haren diskurtso liberalak ez ditu boto-emaileak konbentzitu; eta gastu publikoa txikitzeko, «motozerra» erabiliko zuela hitzemanda, zenbaiti alderdiz aldatzeko aitzakia ere eman die.Presidente izan zen bitartean (1990-1995) haren gobernuari ustelkeria leporatu izanak ere ez dio lagundu Lacalleri.Alderdi Nazionaleko sektore kontserbadoreeneko buru da, eta Luis Alberto de Herrera diktadorearen biloba.
Maria Julia Pou Brito del Pinorekin dago ezkonduta, eta hiru seme-alaba ditu.I. Z.