Uruguain diktadurako krimenak ikertzeko dekretua onartu dute

Aurreko gobernuek militarrak ez zigortzeko hartutako neurriak baliorik gabe utzi ditu Jose Mujica presidenteakMilitarrak haserrea adierazi dute, eta mendeku gosea leporatu diote gobernuari

2011ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Datorren azaroaren 1ean, Uruguaiko diktadura militarraren garaian (1973-1985) egindako delituak baliogabe geratuko dira, behin betiko. Hori horrela, krimenen erantzuleak epaitu ahal izateko azken aukera baliatu nahi izan du Jose Mujica presidenteak, eta «zilegitasun arrazoiak» argudiatuta, hainbat kasu ikertu ahal izateko dekretu bat onartu du.

Iraungitze Legea baliogabetu gabe militarrei zigorgabetasuna kendu nahi izan die Gobernuak. Izan ere, maiatza amaieran krimenen erantzuleak babesten dituen lege hori bertan behera uzteko Mujicaren gobernuaren proposamena ez zen aurrera atera Legebiltzarrean. Dekretu honen bidez, ordea, aurreko gobernuek epaiketak egitea saihesteko onartutako ebazpenak baliogabetu ditu Mujicak. Hori horrela, aurrez, Julio Sanguinetti, Alberto Lacalle eta Jorge Batlle presidente ohiek geldiarazitako 88 kasu ikertu ahal izango dituzte. Neurriaren helburua, erantzuleak epaitu eta zigortzea dela jakinarazi du Alberto Breccia presidentetza idazkariak.

Asteartean, 1973ko estatu kolpearen 38. urteurrenean, iragarrizuen neurria presidenteak, eta ostegun gauean jarri zuen indarrean. Aurrez, hainbat saiakera egin dituzte Iraungitze Legea baliogabetzeko, baina guztiek huts egin dute. Hain justu, Gobernuak Giza Eskubideen Ameriketako Auzitegiak agindutakoa betetzeko «ahal duena» egin duela azaldu du Luis Almagro kantzilerrak. Izan ere, Iraungitze Legea baliogabetzeko agindua eman zuen auzitegiak iragan otsailean,lege horrek gizateriaren aurkako krimenak ikertzea eragozten duela argudiatuta.

Militarrak haserre Mujicarekin

Gizateriaren aurkako krimenak egin izana egozten dieten militarrek, hain justu, haserrea adierazi dute presidentearen erabakiaren berri izan ostean. Emilio Micolickek, auzipetutako hainbat militarren abokatu denak, dekretuaren aurka egiteko euren esku dauden baliabide juridiko guztiak erabiliko dituztela iragarri du. Neurria Konstituzioaren aurkakotzat jotzea eskatuko dutela ere jakinarazi du. Mirtha Guianze fiskalak, berriz, dekretua Konstituzioaren aurkakotzatezin dela jo argitu du.

Hainbat militar ohik egin dute neurriaren aurka publikoki. Ricardo Galarza erretiratutako jeneralak, esaterako, Gobernuaren erabakia «mendeku gosean» oinarritzen dela adierazi du.

Legebiltzarrean porrota

Maiatza amaieran egin zuen Mujicaren gobernuak diktadurako krimenen erantzuleei babesa ematen dien legeabaliogabetzeko azken saiakera. Legebiltzarrean bozkatu zuten legea bertan behera uzteko FA Fronte Zabala alderdiaren proposamena. Ezin izan zuten ordea aurrera atera, bozketan berdinketa egon baitzen. FAko diputatu Victor Semproni abstenitu egin zelako ez zuten proposamena onartzerik izan.

Aurrez iragarritako porrota izan zen hura. Sempronik bozketa baino lehen iragarri baitzuen ez zuela bozkatuko. Proposamenak «irtenbideak baino, arazo gehiago» ekarriko zituelakoan hartu zuen erabaki hori. Mujicak publikoki eskatu zion FAren erabakiarekin bat egiteko, baina ez zuen alderdikidea konbentzitzea lortu.

Bestalde, bi erreferendum ere egin dituzte Iraungitze Legearen inguruan eta bietan legeak indarrean jarraitzearen aldekoak gailendu dira. Diktadurako biktimen senideen erakundeek, ordea, bi kontsultak gaizki planteatu dituztela salatzen dute, eta bozketa horiek ez dutela herritarren iritzia islatzen.

Lehena 1989an egin zuten, demokrazia ezarri eta urte gutxira. Orduan ezezkoak irabazi izana gizartearen beldurrari atxikitzen diote legea baliogabetu nahi dutenek. Izan ere, militarrek berriz demokrazia zapuztu zezaketela uste zuten askok eta askok garai hartan. Horrez gain, kontrako kanpaina gogorra egin zuten komunikabideetan. Normaltasuna berreskuratzeko gertatutakoak ahaztu behar zituztela arrazoitzen zuten legearen aldekoek.

Bigarrena, berriz, 2009an egin zuten, presidentetzarako bozekin batera. Orduan ere Iraungitze Legeak bere horretan jarraitzea erabaki zuten herritarrek hautestontzietan. Kasu honetan, baina, erreferenduma gaizki planteatu izana salatzen dute biktimen senideek eta ezkerreko alderdiek. Izan ere, baiezkoa espresuki eman behar zen. Alegia, baiezkoa ez ematea ezezkotzat hartu zen. Herritarren %47k egin zuen legea indargabetzearen alde.

Mujicak irabazi zituen orduan presidentetzarako bozak eta erreferendumeko emaitza errespetatuko zuela esan zuen. Dena den, Iraungitze Legeak indarrean jarraituta ere, krimen ugari epaitu eta zigortu ahal zirela adierazi zuen. Horretarako borondate politikoa behar zela gaineratu zuen, eta bere alderdiak borondate hori erakutsiko zuela. Orain, herritarrek kontsulta bidez erabakitakoa ez errespetatzea leporatu dio oposizioak presidenteari.

Azaroaren 1a, azken eguna

Erlojuaren aurkako lasterketa da Gobernua egiten ari dena. Izan ere, azaroan 1etik aurrera ezingo dute militarren aurkako epaiketarik egin, delitu horiek baliogabe geratuko baitira.

Uruguaiko Justizia Auzitegi gorenak diktadurako delituak «legez kontrako ekintzak» zirela ebatzi zuen, «eta ez gizadiaren aurkakoak». Hori horrela, Uruguaiko Zigor Kodearen arabera, hogei urte eta gero baliogabe geratzen dira delitu arruntak, eta kasuaren larritasunaren arabera, heren bat luzatu daiteke. Alegia, gehienez, 26 urte eta zortzi hilabeteko epea dago delitu horiek epaitzeko. Zenbatzen hasteko 1985eko martxoaren 1a hartzen da erreferentzia gisa, Uruguain demokrazia berrezarri zuten eguna, hain justu. Eta azaroaren 1ean beteko dira, diktadurako krimenak ikertzeko 26 urte eta zortzi hilabeteko epea.

Urte hauetan guztietan hainbat kasu epaitu dituzte. Horretarako, baina, kasu bakoitzean Konstituzioaren aurkakotzat jo du Auzitegi Gorenak Iraungitze Legea. Dena den, oraindik ugari dira justizia eskatzen duten desagertuen senideak eta inolako zigorrik jaso ez duten militarrak.

Diktadura garaian 300 lagun inguru desagertu ziren gobernu militarraren eskuetan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.