Espainia

Ustelkeria erdigunean, Rajoyren aurkako zentsura mozioaren eztabaidan

Podemoseko Irene Montero izan da hitza hartzen lehena, Rajoyren aurkako zentsura mozioa aurkezteko. Pablo Iglesiasek ere hitz egin du bere hautagaitza defendatzeko, eta Mariano Rajoyk erantzun dio Iglesias presidente izatea "oso arriskutsua" izango litzatekeela Espainiarentzat.

Mariano Rajoy gobernuburua, Kongresuan. JUAN CARLOS HIDALGO, EFE
2017ko ekainaren 13a
11:11
Entzun

Ezinezkoa du Podemosek Mariano Rajoy kargutik kentzeko beharko lituzkeen 176 botoak lortzea. Horiek hala, gobernuburua kargugabetzeko bainoago hautesleen iritzia aldarazteko helburuarekin aurkeztutako zentsura mozioa da gaurkoa. Ez da izango ahaleginak egin ez dituztelako, baina oraingoz, gehienez ere, aldeko 82 boto aurreikusten dituzte —Unidos Podemosenak, Compromisenak, ERCrenak eta EH Bildurenak—.

Irene Montero izan da hitza hartzen lehena, mozioa azaltzeko. Ordu eta erdi inguru aritu da. Ondoren hitz egin du Pablo Iglesias alderdiburuak, eta hura beste bi ordu eta erdiz aritu da. Biek ala biek ustelkeria kasuak izan dituzte PPren kontra egiteko gai nagusi.

Mozioa aurkezteko Podemosen arrazoi nagusia izan dira PPren aurka zabaldutako ustelkeria auziak. Horiek zerrendatuz hasi du bere hitzaldia Monterok berak ere: "Gaur Espainiaren alde egin dezaketen hoberena litzateke alde egitea eta lapurtutako guztia estatuko diru kutxetara itzultzea". Bide beretik, ustelkeria "gobernatzeko modu" bilakatu izana leporatu dio Rajoyri.

Bozketa, bihar

Eztabaidak luze jo du; izan ere, Podemosekoen hitzaldien ostean, Rajoyk berak hartu du hitza. Ondoren alderdietako ordezkarien txanda izan da. Eztabaida amaitutakoan bozkatuko dute mozioa, bihar.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.