Parisko atentatuetan parte hartu zuen hirugarren gizon bat identifikatu dutela zabaldu du France Info irrati kateak polizia iturriak aipatuta. Frantziarra dela adierazi dute, zehazki, Estrasburgon jaioa. Le Parisien hedabidearen arabera Mohamed Aggad izena du, eta 23 urte zituen.
Hiru gizon armatuk hartu zuten parte iragan azaroaren 13an Parisko Bataclan aretoko erasoan. Orotara 89 pertsona hil zituzten, eta berrehundik gora zauritu. Hirurek euren buruaz beste egin zuten soinean zituzten lehergailuak eztandarazita.
Ustez erasoan parte hartu zuten bi jihadisten izenak aurrez eman zituzten ezagutzera; Sami Amimour (1987, Paris) eta Ismail Omar Mostefai (1986, Courcouronnes).