Argentinako Gobernuak 2019an Boliviara bidalitako armak eta istiluen kontrako materiala aurkitu zituela jakinarazi zuen atzo Boliviako Poliziak. Haren eskumenekoa den biltegi batean zegoen materiala, Jhonny Aguilera Poliziaren komandante buruak zehaztu zuenez. Besteak beste, munizioa, granadak eta piper gasa topatu zituzten, eta, Aguileraren esanetan, ez dago horren inguruko «inolako dokumenturik».
Hala ere, Aguilerak azpimarratu zuen material hori herrialdera sartu zen moduaren inguruko ikerketa bat egingo dutela. Poliziak uste du El Alto hiriko aireportura heldu zela, 2019ko azaroaren 13ko goizaldean, Jeanine Añezek presidente kargua hartu eta ordu gutxira. «Ikertuko dugu ea zein funtzionario joan ziren aireportura Argentinako hegazkina iritsi zenean, uniforme militarra zuten funtzionarioek material hau eman baitzioten, inolako dokumentaziorik aurkeztu gabe, Boliviako Poliziari», adierazi zuen Aguilerak. Gaur, Carlos Eduardo del Castillo del Carpio Boliviako ministroa azalpenak ematekoa da aurkikuntzaren inguruan, eta espero da topatutako materialaren inguruko xehetasunak emango dituela.
Boliviako Gobernuak uste du duela bi urte Evo Morales agintetik kendu zuen estatu kolpea babesteko asmoz egin zuela armamentu horren bidalketa Argentinako Gobernuak. Mauricio Macri zen orduan Argentinako presidentea, eta, hain zuzen, haren kontrako salaketa jarri zuten astelehenean herrialde horretako hiru ministrok, Boliviara «armak eta munizioa ilegalki bidaltzeagatik». Argentinako Gobernuaren hipotesia da istiluen aurkako 70.000 gomazko bala zituen kargamentu bat La Pazera iritsi zela 2019ko azaroaren 13an, eta material horrekin batera bidaiatu zutela zazpi jendarmek, Argentinak Boliviako hiriburuan duen enbaxada babestera joandakoak. Izan ere, egun horretan bertan Boliviako aireko indarreko komandante Jorge Gonzalo Terceros Larak bidalitako gutun bat agertu zen gerora enbaxadan. Bertan, komandanteak eskerrak ematen zizkion Argentinako Gobernuari, 40.000 gomazko bala bidaltzeagatik. Argentinatik ateratako beste 30.000 balarekin zer gertatu zen jakin nahian ari da, eta uste du Boliviako Poliziari eman zitzaizkiola.
«Oso albiste ona da guretzat. 70.000 balekin zer gertatu zen jakiteko falta den piezetako bat da. Badakigu jendarmeek ez zutela munizioa erabili, eta, beraz, halakorik azaltzen bada, desbideratu egin zelako da», adierazi zuen Sabina Frederic Argentinako Segurtasun ministroak, asteon Macriren aurkako salaketa erregistratu duenetako batek. Gendarmeen barruko Alacran indar berezietako unitateetakoak ziren kargamentuarekin batera Boliviara joandakoak, Argentinako Gobernuaren arabera. Untitate horretako agenteek gomazko balarik ez dutela erabiltzen jakinda, gobernuari harrigarria egiten zaio hainbeste gomazko bala eraman izana. Horregatik uste du Boliviako Poliziari eman zizkietela.
Hori baieztatzeak gezurtatu egingo luke jendarmeriako operazioetako buru Carlos Miguel Recaldek iaz esandakoa. Recalderen esanetan, Boliviara joandako jendarmeek euren entrenamenduetarako erabili zuten munizioa. «Boliviako Poliziaren aurkikuntzarekin, agerian geratuko litzateke jendarmeriak aipatutako ustezko entrenamendurik ez zela izan, eta, benetan, egindakoa armen eta munizioaren kontrabandoa estaltzeko saiakera izan zela, herrialde mugakide batean izandako estatu kolpea egonkortzeko asmoz», adierazi zuen Martin Soria Argentinako Justizia ministroak.
Eztabaida parlamentarioa
Poliziak ezagutarazitako informazioak mahai gainean jarri du Boliviako Parlamentuan batzorde bat eratzeko aukera, inguruko herrialdeek 2019an gertatutakoan izan zuten esku hartzea ikertzeko —Txilek eta Brasilek ere estatu kolpeari launtza eman ziotela uste du gobernuak—. Proposamen hori egin zuen ganberan gehiengoa duen MAS Sozialismorako Mugimendua alderdiak.
«Ez gaude joko horretarako prest», esan zuen, aukera horren inguruan, Alejandro Reyes oposizioko diputatuak. Posizio horrek berak aurkitutako materiala «legez kanpo» sartu zela agerian uzten duela leporatu zion Juanito Angulo MASeko diputatuak, eta gehitu zuen oposizioak ez duela batzordea sortu nahi, «defendaezina dena» ez defendatzeagatik.