Horiek ez dira izan, ordea, aste honetako borroka bakarrak. Joan zen larunbatean, beste 17 pertsona hil zituen armadak, «iraultzaren aurkakoak» guztiak. Egun berean, 13 militar hil ziren Mendebaldeko Azerbaijan probintzian, helikoptero bat erorita. Dena den, iturri ofizialek ukatu egin zuten airekoa inork bota zuela. Asteartean, berriz, Kurdistango PJAK talde armatuko hiru ekintzaile hil zituzten. Horiek hala, Irango agintariek iragarri dute, bi urteko epean hirukoiztu egingo dituztela mugak zaintzen dituzten militarrak. Herrialdeko hego-ekialdean, esaterako, 40.000 soldadu inguru jarriko dituzte.
BESTE TALDE ARMATU BAT. PKK Kurdistango Langileen Alderdia da ziurrenik herrialde hartako alderdi kurdurik ezagunena. Baina ez da bakarra. PJAK Kurdistango Askatasunaren Alderdiak PKKrekin lotura estua duen arren, adar armatu propioa du. Nazionalista izan arren, beren helburua ez da Kurdistanen independentzia. Irango Gobernu teokratikoa amaitu,eta demokrazia eta federalismoa ezartzea bilatzen du, Irango gutxiengoen autonomia indartuz. Gutxiengo horien barruan daude arabiarrak, kurduak eta azeriarrak.
Haji Ahmadi da PJAKeko egungo buruzagia, eta Irango gizartean ez bezala, alderdian emakumeek indar handia dute. Gulistan Dugan da buruzagietako bat, Teherango Unibertsitatean ikasitako emakumezko psikologo bat. Taldeak nabarmentzen du emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna oinarrizkoa dela Gobernua osatzerakoan.
Iraken menpeko Kurdistanen ditu PJAKek jarraitzaile gehien. Hori dela eta, Iranek talde armatuari laguntzea leporatzen die AEB Ameriketako Estatu Batuei eta Erresuma Batuari. Teheranen esanetan, bi potentziek Iran ezegonkortu nahi dute horrela. «Iranen ezegonkortasuna eragitea helburu duten talde horientzako komunikabideak sortzen eta armak eskuratzen milioika dolar xahutzen dituzte Estatu Batuek eta sionistek», salatu du aste honetan bertan Guardia Iraultzaileko buru Jahia Rahimek. Horiek hala, Teheranek laguntza eskatu die kurdu eta azeriarrei horien aurka egiteko.
Washingtonek eta Londresek ez dute inoiz onartu PJAKi laguntzen aritzea. Baina Iranek ez ezik, AEBetako diputatu Dennis Kucinichek ere antzeko salaketak egin ditu. 2006ko apirilean Kucinichek gutuna bidali zion AEBetako presidente George Bushi, salatuz PJAKek Iraken erasoak egiten dituenetik Washington hari laguntzen hasi dela. The New Yorker egunkariaren arabera, berriz,AEBetako eta Israelgo militarrak PJAKeko ekintzaileak trebatzen ari dira.
«Gure hegoaldeko auzokoa Irak da»
Haserre, oso haserre hitz egin zuen atzo Turkiako Justizia ministro Cemil Cicekek: «Gure hegoaldeko auzokoa Irak da. Aurkakoa diotenak oker daude. Ezin ditugu adierazpen horiek onartu. Ricek azalpenen bat izango duen itxaropena dut». AEBetako Estatu idazkari Condoleezza Riceren adierazpenek eragin dute Ciceken haserrea. AEBetako Senatuan egindako agerraldian, Ricek azaldu zuen Washington bitartekari lanak egiten ari zela Turkiako Gobernuaren eta kurduen artean. Horiek hala, aipatu zuen PKK Kurdistango Langileen Alderdia «Turkia eta Kurdistan arteko mugan aritzen den talde terrorista» dela.Nazioarteak ez du Kurdistan estatu gisa onartzen, hori dela eta Irakeko Kurdistan deitzen dute. Ondorioz, komunikabideen arreta erakarri zuten Riceren adierazpenek. Turkiako Aksam eta Bugun egunkarien iritziz, AEBek Kurdistan independentea sortzeko asmoa dutela erakusten dute Riceren hitzek.