Ustezko 60 taliban hil ziren herenegun eta atzo artean Kandahartik gertu dagoen Zabul eskualdeko Daitxopan herrian, Afganistango eta AEBetako indar armatuekin borrokak izan ostean. AEBetako Armadaren arabera, ustezko matxino talibanek Afganistango eta AEBetako segurtasun indarrak eraso zituzten Daitxopan inguruan patruilatzen ari zirela. Koalizioko indarrek gerra hegazkinekin eta helikopteroekin lagunduta egin zuten erasoa.
Hamaika ordu iraun zuten borrokek eta 30 taliban inguru harrapatu zituzten. Afganistango Poliziaren arabera, borroketan Afganistango zortzi soldadu hil ziren eta AEBek esan dute AEBetako bost soldaduk zauriak izan zituztela. Horrez gain, borrokek asteartean erori zen U-2 hegazkin espiarekin zerikusirik izan dezakeen aztertzen ari dira.Hala ere, kontraesanez betetako informazioa eman dute iturri desberdinek. Alde batetik, AEBetako Armadak hildako ustezko matxinoak 49 besterik ez zirela esan zuen. Kandaharreko Polizia buruak, hildakoen kopurua 76an kokatu zuen eta horien artean Mula Sadik eta Mula Hamidula ustezko buruzagi talibanak zeudela esan zuen.
Ia 4.000 lagun hil dira aurten
Aurreko egunetan ere izan dira antzeko ekintzak Afganistanen. Izan ere, gutxienez ustezko 38 matxino gehiago hil dira hegoaldean koalizioko indarrekin izandako borroketan. Aurten, orain arte ia 400 lagun hil dira Afganistanen ustezko talibanekin lotutako borroketan. Gehienak ustezko talibanak izan arren, hogeita hamar bat soldadu ere hil dira.
AFGANISTAN
Ustezko 60 taliban hil dituzte Afganistango eta AEBetako indarrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu