PKK Kurdistango Langileen Alderdiak Ramadana bukatu arteko su-etena aldarrikatu izanak ez ditu Turkiako armadaren asmoak aldatu. Azken horrek gerrillaren aurkako operazioak egiten jarraitzen du egunez egun. Azkenengoa atzo bertan egin zuten Agri probintzian, Ipar Kurdistanen. Ankarako iturrien arabera, PKK-ko bost gerrillari hil zituzten tiroz militarrek, Tendurek barrutian. Horietako hiruren gorpuak ez zituztela aurkitu adierazi zuen Agriko gobernadoreak, Mehmet Cetinek. Agintariek jakinarazi dutenez, borroketan soldadu bat ere zauritu zen.
Kurdistango Langileen Alderdiaren gertuko iturriek ez zuten inolako hildakoren berri eman. Bai, aldiz, armadaren erasoaldiaren ondorioz Xakurke eta Haftanin eskualdeetan piztutako hainbat suteren berri. Gerrillaren arabera, armadako hegazkinek bonbardatu egin zuten ingurua, baina ez zen biktimarik izan erasoaldian.
Bestalde, PKK adar militar du Kurdistango Herriko Konfederazioak, eta erakunde politiko horrek ohartarazi du Iraken menpeko Kurdistani erasotzeko prestatzen ari dela Ankara. Turkiako armadak maiz zeharkatu du Irakeko muga gerrillaren aurkako operazioak egiteko aitzakian. Recep Tayyip Erdogan lehen ministroaren gobernuak uste du han ezkutatzen direla gerrillariak.
Bisita ofiziala
Hain zuzen ere, gaur Diyarbakirrera joatekoa da Turkiako gobernuburua, irailaren 12an egitekoa duten Konstituzioari buruzko erreferendumaz hitz egitera. Hori dela eta, Polizia alerta egoeran jarri zuten, eta segurtasun indarretako milaka kide bidali dituzte hirira. Tankeak eta ibilgailu blindatuak ere kokatu dituzte hiriko bidegurutze nagusietan, eta Gobernuaren egoitzen inguruetan.
Agintean den Justizia eta Garapenaren Alderdiko jarraitzaileen aurrean agerraldia egitekoa da gaur Erdogan. Bakea eta Demokrazia alderdi kurduak nabarmendu du orduan ikusiko dela argi zein jarrera duen Ankarak PKKrekin.
Ustezko bi gerrillari kurdu hil ditu Turkiako armadak Kurdistanen
Hego Kurdistani erasotzeko prestatzen ari da Ankara; PKK-k deitutako su-etena indarrean da oraindik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu