USTELKERIA PP-N

Uztail amaieran edo abuztu hasieran azalpenak emango ditu Rajoyk Espainiako Kongresuan

Espainiako Gobernuko presidenteak adierazi du Kongresuari dagokiola "subiranotasun nazionala" eta, beraz, han hitz egingo duela "herritarrei kezka eragiten dien gaiez".

2013ko uztailaren 22a
18:35
Entzun

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak jakinarazi duenez, Kongresuan agerraldi bat prestatzeko eskatu dio Jesus Posada parlamentuko presidenteari. Ez du egunik zehaztu, baina adierazi du "uztail amaieran edo abuztu hasieran" egingo duela agerraldi hori.

Errumaniako lehen ministro Victor Pontari harrera egin dio Rajoyk, eta ondoren agertu da hedabideen aurrean. Adierazi duenez, uste du "une egokia" dela "egoera zein den azaltzeko, zalantzak argitzeko eta herritarrei kezka eragiten dien gaiez azalpenak emateko".

Luis Barcenas PPko diruzain ohiak alderdiko hainbat karguduni —tartean, Rajoyri berari— ustez emandako gainsoldaten inguruan hitz egingo du, beraz. Bere "bertsioa" emango duela esan du. Azaldu duenez, Kongresuari dagokio "subiranotasun nazionala" eta, beraz, han hitz egingo du "herritarrei kezka eragiten dien gaiez".

Konstituzionaleko presidentea

Iragan astean argitaratu zuen El País egunkariak Auzitegi Konstituzionaleko presidente Francisco Perez de los Cobos PPko kide zela epaitegiko buru izendatu zutenean. Hori etikoa den galdetuta, Rajoyk erantzun du: "Kasu honetan, gauzak ongi egin dira. Auzitegi Konstituzionaleko presidentea aho batez izendatu zuten".

Halaber, esan du agerraldia egiteko erabakian ez duela eragin PSOEk zentsura mozio bat aurkezteko aukerak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.