Migratzaileak

Uztailean 212.000 pertsona atxilotu dituzte AEBek, muga paperik gabe igarotzeagatik

Azken hogei urteotako kopururik handiena da. ACHR Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak kezka agertu du Washingtonek paperik gabeko pertsona guztiak kanporatzen dituelako, «osasun larrialdia» aitzakia gisa jarriz.

AEBetatik kanporatutako pertsona talde bat, Tapachulan (Mexiko). Handik Guatemalako mugara eraman zituzten. JUAN MANUEL BLANCO, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko abuztuaren 13a
14:35
Entzun

Orotara 212.672 pertsona atxilotu zituzten AEBetako segurtasun indarrek uztailean, eta horietatik 95.788 berehala kanporatu zituzten 42. Titulua baliatuta, zeinak ahalbidetzen duen migratzaileak kanporatzea «osasun larrialdia» argudio gisa erabilita. Beste 116.884 kanporatu zituzten, araudiaren 8. puntuaren arabera, asiloa eskatzeko baldintzak betetzen ez zituztelako. Datuok AEBetako Segurtasun Nazionalerako arduradun Alejandro Mayorkasek zabaldu zituen, atzo mugara egindako bisitan.

Osasun arrazoiak medio muga paperik gabe igarotzen duten herritarrak kanporatzea ahalbidetzen duen neurria Donald Trumpek jarri zuen indarrean aurreko legealdian. Joe Biden presidenteak eutsi egin dio neurriari, pandemia oinarri gisa hartuta, baina herrialdean bakarrik sartzen diren adingabeekin salbuespena eginez. Neurriak, hala ere, kritika sorta eragin du, batez ere aste honetan Etxe Zuriak berak onartu duenetik hegoaldeko mugatik sartzen diren migratzaileak Mexiko erdira eramaten hasi direla, muga berriz igarotzen saia ez daitezen. Izan ere, 42. Titulua baliatuta kanporatutako herritarrek ez dute, berez, lege oztoporik nahi adina aldiz AEBetan sartzen saiatzeko.

ACHR Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak kezka agertu du AEBetako Gobernuaren jarrerarekin, eta ohartarazi politiko horiek oztopatu egiten dutela asiloa eskatu ahal izatea bera. «Mexiko hegoaldera eraman dituzte hainbat asilo eskatzaile, eta haietako batzuk handik Guatemalako mugara lekualdatu dituzte. Halakoek ezinezko egiten dute, asiloa eskatzeko eskubidea bera ez ezik, babesa behar duten pertsonak identifikatzea ere», kritikatu du erakundeak idatzi batean. Izan ere, arauak urratu egiten du pertsona arriskuan egon litekeen herrialdera ez itzularazteko printzipioa. Hala, erakundeak eskatu dio Washingtoni eten ditzala osasun larrialdia aitzakia gisa hartuta egindako kanporatzeak, eta bete ditzala pertsonen babesa helburu duten printzipioak.

Batzordearen eskariari erantzunez, Mayorkasek aurreratu du asiloa Internet bidez eskatu ahal izateko baliabideak jarriko dituztela abian, baina zehaztu gabe eskatzaileek zer-nolako baldintzak bete beharko dituzten horretarako. Programa hori jarri zuten indarrean aurreko legealdian ere, baina eskatzaileek denbora luzea egin behar izaten zuten zain mugaren Mexikoko aldean, erantzuna jaso arte, urtebete eta urte eta erdi artean, batez beste.

Auzitara

ACLU Ameriketako Askatasun Zibilen Batasunak hainbat bilera egin ditu azken asteetan Bidenen administrazioarekin, bertan behera utz dezaten 42. Titulua deritzona, baina alferrik. Hori dela-eta auzitara joko duela iragarri du. Auzitegiek salaketa tramiterako onartuko balute, eten egingo lirateke berehalako kanporatzeak. «Bidenen gobernuak ez digu auzitara jotzea beste aukerarik utzi. Badira zazpi hilabete 42. Titulua indarrean dela. Gure irtenbide bakarra dela uste dugu», salatu du Lee Gelernek, ACLUko abokatuetako batek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.