Valentziako RTVV Irrati-Telebista belztu dute. Polizia Generalitateak kateak ixteko izendatutako arduradunekin sartu da Burjassoteko egoitzan, eta seinalea eten dute. Bertan lanean zeuden langileek albistegiko platoan bildu dira, eta Alberto Fabra Generalitateko presidentearen dimisioa eskatu dute oihuka. Paternako Auzitegiak RTVVko husteko agindua eman zuen iluntzean.
Valentziako Generalitatea epaileen agindu horren zain zegoen hedabide publikoa behin betiko ixteko. Epaitegietatik agindua etorri bazen ere, langileek tinko eutsi diote gau osoan, eta zuzenean kontatu dituzte Poliziaren saiakerak. Langileek bidea eragotzi diete poliziei behin baino gehiagotan, “RTVV no es tanca (RTVV ez da itxiko)” oihuen artean. FORTA Telebista kate autonomikoen sareak laguntza eskaini dio Canal 9ri, eta hainbat katek, Galiziako TVG eta Kataluniako TV3k, kasu, Valentziako hedabidearen seinalea eman dute.