Alexander Van der Bellen hautagai ekologista izango da Austriako presidente. Gaur zenbatu dituzte postaz emandako 750.000 botoak eta, Norbert Hofer hautagai eskuindarrak aitortu du bere porrota. Eskuin muturrak garaipen historiko bat lortu nahi zuen, baina zenbaketaren amaieran gailendu zaio zentro-ezkerreko hautagaia, posta bidezko botoak zenbatuta.
Hoferrek igande gauean garaipena aldarrikatu zuen bere jarraitzaileen aurrean, hauteslekuetan emandako botoen gehiengoa ematen baitzioten berari. Baina adituek ohartarazi zuten posta bidez emandako boto gehienak Van der Bellenentzat izan zitezkeela, eta astelehenarekin aitortu beharra izan du Hoferrek horren garaipena. Facebooken idatzi due mezua: "Noski nagoela gaur triste. Gustatuko zitzaidan gure herrialde zoragarri hau zuentzat zaintzea. Leial izango naiz eta Austriaren etorkizun positibo bati ekarpenak egiten jarraituko dut".
Hautetsontzietan igandean zenbatutako botoek berdinketa teknikoa azaleratu dute Hofer eta Van der Bellenen artean. Austria eta austriarrak lehenengo izan da FPO alderdi xenofoboaren leloetako bat, eta %51,9 boto eskuratuak zituen igande gauean. Van der Bellenek, berriz, %48,1.Zenbatzeko zeuden, ordea, postaz emandako botoak, %14. Horiei esker aurre hartu dio Van der Bellenek Hoferri.
Lehen itzulian Hofer nagusitu zen hauteslekuetan, botoen %35 jasota. Van der Bellenek, berriz, botoen %21 jaso zituen apirilaren 24an. Postaz emandako botoekin, bain, Van der Bellenek %2,2 murriztu zuen aldea.
Mugarri izan dira bozak Austrian, II. Mundu Gerratik presidentea ez baita bi alderdi nagusietako hautagaia. Austriako sistema parlamentarioan presidentea kargu protokolarioa da, baina hauteskundeek eman dute Austriako herritarren iritziaren neurria. Indartsu dago egun FPO, eta 2018. urtean dira egitekoak legebiltzarrerako hauteskundeak. Hoferrek bere jarraitzaileei animoak eman dizkie: "Kanpaina hau ez da alferrik galdu; etorkizunerako inbertsio bat izan dira".