Rafael Venegas MIR Ezkerreko Mugimendu Iraultzailetik dator, eta Bandera Roja mugimendutik Vanguardia Popular alderdia sortu zuenetako bat da.
Deigarria daezkerra eskuinarekin elkartzea Hugo Chavezen kontra. Horrenbestekoa al da aldea presidentearen politikaren eta ezker kritikoen artean?
Prozesu honen hasierarik politika polarizatu nahi izan da. Chavezen arabera, alde batean daude iraultzaileak, eta beste aldean kontrairaultzaileak. Muturreko oposizioarentzat komunismoa eta sozialismoa demokraziaren aurkako dira. Hori errealitatea faltsutzea da, eta gu ez gaude ez batean ez bestean, eta, estatistikek erakusten dutenez, jende gehiena ez da inon kokatzen; oposizioaren taldera arau demokratikoak defendatzera sartu gara. Gure ustez, 90eko hamarkada amaierako hainbat programa sozialek eta publikok eragin zuten aldaketarako itxaropena zapuztu dira, eta Estatuak egitura zaharkituarekin funtzionatzen jarraitzen du.
Proposatzen duzuen egitura aldaketa, hala ere, eskuineko alderdiekin lortzea posible al da?
Venezuelan aliantzen lehen fasean gaudela esango nuke, eta defentsa izaera dauka horrek. Herriaren eredu bat partekatu baino gehiago, gertatu da diaspora askotarikoa, oso desartikulatua, elkartzen hasi zela ofentsiba menderatzaileari aurre egiteko. Totalitarismoaren ezaugarriak dituen ofentsibari. Eremu demokratikoak ziurtatzeko nolabaiteko aliantza egin nahi izan dugu.
Nolabaiteko testua da hitzartu duzuena, programa bat baino gehiago. Etorkizunik ikusten al diozu horri?
Gaur egun indarren korrelazioa aldatzen ari da. Uste dut Chavezen proiektuak gaina jo duela eta ahultze egoeran dagoela. Ez da interpretatzen ari benetan herrian gertatzen ari dena. Oposizio dena berdin iruditzen zaio. Giro horretan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da Chavezen ondorengo aro baterako egituratzen ari den proiektua. Papereko akordioan, behintzat, lasai asko sartzen da aldaketarako indarra izan daitekeen mugimendu sendoa. Ezberdintasunak egongo dira, noski, erabakiak hartzerakoan, Legebiltzarrera heldu ondoren.
Zerbait ona aitortzen al diozu Chavezen gobernuari?
Noski. Venezuelako gizartean kontzientzia berria sortzen ari da, eta onartu behar da lotura duela prozesu konstituziogilearekin eta ofizialismoak egin duen predikuarekin. Gaur egun herritarrak, pobreenak batez ere, ikasiz joan dira eskubideak dituztela;antolaketa maila garrantzitsua lortu dute, eta parte-hartzea eskatzen dute. Iazko Konstituzioak, adibidez, atal aurrerakoi garrantzitsuak ditu, askatasun eta gizarte eskubideen inguruan. Hezkuntzan, osasunean eta barne egituretan aurrera egin dugu, baina ekonomian zuloa handitu besterik ez du egingo. Petrolioa bereganatu dute, eta ustelkeria nonahi dago.
Presidentetzarako hauteskundeetara ere koalizioan joateko asmoa duzue. Hautagaia ezkerrekoa edo eskuinekoa den ez du axola?
Oso konplexua da, eta ez du orain behin betiko erantzunik. Igandeko hauteskundeak neurgailuak izango dira, eta askotariko oposizioan dagoeneko nabarmentzen ari dira presidentetzarako hautagai batzuk, eta, gauzak horrela, hautagaien artean bozak egin beharko lirateke bakarra aukeratzeko. Onartuko genuke, baldin eta aurretik programa hitzartuko bagenu edozein dela Hautagaia.
Proiektu hori egina al dago?
Zirriborroak daude. Hauteskundeotarako hitzartu ditugun arrazoietan oinarritutakoa izango da. Programa demokratiko burges bat dela esango nuke. Aldaketa demokratikoaren alde egiten du eta konpromiso soziala eta nazionala dauka.
Noizko izango duzue erabakita proiektua eta hautagaia?
Hauteskundeok erabakiko dute presidentetzarako oposizioaren jarrera. Batzar Nazional orekatua lortzen bada, Gobernuaren politika baldintzatuko du, eta pentsatu nahi dut Chavezek onartuko dituela emaitzak, gehiengoaren konfiantza galdu duela, eta bere politika aldatu behar duela. Horrek oposizioaren batasuna hautsiko lukeela uste dut. Baina Caracasko alkatetzarekin gertatu bezala, baliabideak kendu, eskumenak, aurrekontuak ito, eta herritarren nahiaren kontra egiten badu iskanbila sortuko da.
Chavez bezain indartsua den hautagairik baduzu buruan?
Hori da egungo arazorik handiena. Aurreikusten diren aukerak ez dira Vanguardia Popularrak akuilatuko lituzkeenak. Urtea amaitu baino lehen jardunaldi batzuk egingo ditugu, eta horien artean egongo dira Chavezengandik aldendutakoak eta baita oposizioko muturrekoak babestutakoak ere. Agenda irekia eramango dugu, eta hausnarketa egingo etorkizunaren inguruan alternatiba izateko, eta hortik aterako da gure hautagaia. Orain artekoak ez zaizkit gustatzen.
VENEZUELA. LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. «Eremu demokratikoak ziurtatzeko aliantza da»
Vanguardia Popularreko idazkari nagusia da, eta Miranda estatuko hautagai Batzar Nazionalean sartzeko; oposizioarekin bat egin du Chavezen politikari aurre egiteko; aldaketa beharrezkoa dela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu