Aukera asko zabalik daude gaurko bozetan. PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuak eserlekuen bi heren lortzeko aukeran dago eurentzat arrakasta. Botere osoa izateko 166 eserlekuetatik 110 behar ditu, besteak beste, nazionalizazio gehiago egiteko edota Estatuari dagozkion aldaketetarako. Hala ere, Legebiltzarraren gainetik dekretu azkarrak egiteko boterea du, bostetik hiru eserleku lortuz gero, 99 alegia. Oso zaila izango du oposizioak hori galaraztea.
Inkesta guztiek esaten dute presidentearen alderdiak irabaziko duela, baina modu oso ezberdinean ematen dute garaipenaren berri; nondik datorren inkesta, horren arabera. Chavezen gertukoek bi herenak dudarik gabe ematen dizkiote, eta oposizioaren ingurukoek botoetan garaipena agintariaren aurkariei ematen die, nahiz eta botoen kokapenak Gobernuari egiten dion mesede. Chavezek nekazari guneetan du boto gehien, eta oposizioak hirietan;gune populatuetan,baina, boto gehiago behar dira ordezkaritza lortzeko. Botoaren kokapenaren arabera, presidenteak botoen %52beharko luke 110 eserleku lortzeko. Aditu gehienek uste dute gehiengo hori lortuko duela, baina oposizioak leku garrantzitsua hartuko duela, eta abstentzioa, berriz, handia izango dela; 17,7 milioi herritar daude botoa ematera deituak.
Presidentetzarako bozei so
Batzar Nazionala berritzeko hauteskundeotan behar dituen eserlekuak lortuz gero, arnasa hartuko du Chavezek, baina bozon garrantzia harago doa. Presidentetzarako bozen ataria da neurri batean gaurko eguna, oposizioko alderdien akordioa ez da-eta Parlamentura mugatuko. 2012ko hauteskundeetarako zirriborroa mahai gainean dute, eta ezkerra eta eskuina bat etorriko diren programa erabakitzea oso zaila izango den arren, ez da ezinezkoa batasunaren bultzatzaileentzat. Horretan ari dira, baina hori baino zailagoa izango da Chavezen neurriko hautagaia topatzea: onerako ala txarrerako, lider karismatikoaren indarrari aurre egingo dion norbait izatea, eta denen gustukoa.
Legebiltzarrean eserlekua hartzen dutenerako ere egin dute akordio bat, ehun arrazoitan bat eginez, baina ez dute egitasmo zehatzik aurkeztu. «Konstituzioa defendatzea eta betearaztea» da lehentasuna, MUDek idatzi bateratuan nabarmendu duenez, «Gobernuak alboratu dituen herritarren eskubideak defendatzea. Giza eskubideak bermatzeko eta demokrazia ariketa sanoa egin ahal izateko Konstituzioa defendatzea, eta deszentralizazioa eta parte-hartzea bideratzea».
Chavezen ustez, berriz, oposizioaren batasuna «Venezuela berreskuratzeko indar inperialisten beste saio bat» baino ez da. «Kolonia gringoa bilakatu nahi dute gure aberria, eta ofentsiba egin dute Batzar Nazionala okupatu eta handik gobernua eta iraultza bolivartarra eragozteko eta ahultzeko, egungo presidentetza amaitu aurretik. Sozialismoaren martxa geratu eta munduko kapitalismora itzuliko litzateke Venezuela». Eta arrazoi horiengatik, kanpainan zehar ohartarazi du «ezinbestekoa» dela hegemoniaLegebiltzarrean, «iraultzan sakontzeko».
«Herriaren ofentsiba»
Hugo Chavezen alderdiaren indar erakustaldia isilaraztea ez du lortu oposizioak; txoko guztietan izan dira, «garaipena» irudikatzen, eta Chavez nonahi agertu da, Legebiltzarreko bozak badira ere, berriro ere haren boterea frogatzeko aukera bilakatu baita. PSUVk, hainbat alderdi eta mugimendu sozialekin aliantzan, «herriaren ofentsiba boteretsua» egin du, eta gaur egun osoz ere kalean egoteko deia dute herritarrek. Ostegunean, kanpainaren azken egunean, Caracasko etorbide nagusitik joan ziren PSUVko hautagaiak Chavez erdian zutela, eta plaza nagusian Garaipenaren Kontzertua egin zuten. Irabazten denean izaten den pozarekin izan ziren han gorriz jantzitako milaka herritar.
Oposizioak, berriz, segurtasun eza nabarmendu nahi izan du kanpainan, eta kalean ofizialistak baino xumeago, komunikabideen indarra baliatu dute gehiago, etxean eta nazioartean. Baina komunikabideetan oposizioa osatzen duten alderdi guztiek kanpaina bera egiteko ez dute adostasunik lortu euren artean, eta horrek ahuldu egin du proposamena.
PPT, hirugarren aukera
Erabat polarizatua dagoen giroan, hala ere, badago bien arteko lehian ez sartzea erabaki duenik: PPT Aberria Denontzat alderdi ezkertiarra. Duela urtebete erabaki zuten Chavezen koalizioa uztea, eta independente batzuekin batera aurkeztu dira, Batzar «berreskuratzeko» asmoz. Elkarrizketan eta baketzean oinarritu dute kanpaina. «Beste aukera bat emateko asmoz giro asaldatuaren erdian batera edo bestera egiten ez duten herritarrei».
Kronologia
1998. Chavezek bozak irabazi zituen, botoen %56,2 lortuta.1999. Konstituzioa berritzeko erreferenduma onartu zuten, %80 baino boto gehiagorekin.
2000. Chavez botoen %59arekin berretsi zuten karguan, Konstituzio berriaren baitan. Batzar Nazionaleko kontrola PSUV aliantzak lortu zuen.
2001. Chavezek 49 lege onartu zituen dekretuz, ekonomia, erregai eta lurraren jabegoa arautzeko.
2002. Petrolioaren auzia. Patronalak grebara deitu zuen apirilaren 9an, eta estatu kolpea eman zuen Carmona patronaleko presidenteak. Apirilaren 14an Chavez boterera itzuli zen.
2004. Hugo Chavezberretsi zuten erreferendumean, botoen %59,10arekin.
2005. Legebiltzarrerako hauteskundeak. Oposizioak ez aurkeztea erabaki zuen.
2006. Chavez 2013 arte berraukeratu zuten, %62arekin.
2007. Gobernua Orinoco munduko petrolio erreserba handienetakoaren jabe egin zen. Nazionalizazioei ekin zion.
2009. Chavez berraukeratzeko erreferenduma onartu zuten, botoen %54,96arekin.
2010. Oposizioak Demokrazia Batuaren Mahaia sortu zuen, eta batera aurkeztea erabaki zuen Chavezen PSUVren aurka egiteko gaurko bozetan.