MUNDUA

Venezuelak eta Boliviak babes politikoa eman diote Snowdeni

Barack Obamaren gobernuari "terrorista" deitu dio Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak, "egia osoa" esateagatik jazartu dutelako Snowden, eta Boliviak hegazkinaren aferarengatik, protesta gisa.

2013ko uztailaren 6a
17:54
Entzun

Independentziaren Egunaren zabaldu du erabakia Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak.  "Egia osoa esateagatik jazartua izan delako" hartu dute erabakia. "Zein da munduaren bortxatzailea? Gerra planak salatzen dituen 29 urteko gaztea, ala bonbak jaurtitzen eta Siriako oposizio terrorista Siriako legezko gobernuaren aurka armatzen duen AEBetako gobernua?", adierazi du Madurok. Evo Morales Boliviako presidenteak, aldiz, "haren herrikideengatik jazartutako iparramerikarra" babestuko duela adierazi du, asteartean hegazkin presidentzialarekin gertatutakoaren "protesta justu" modura.

Maduroren ustez, beste gobernu latinoamerikarrek ere Venezuelaren jarrera bera hartuko dute Snowdeni dagokionez. Nikaraguako presidente Daniel Ortegak, izatez, Madurok Venezuelaren erabakia zabaldu baino lehenago adierazi du, "baldintza egokiak izanez gero", Snowdeni babes politikoa emateko prest dagoela.

Wikileaksek bere webgunean jakinarazi duenez, Snowdenek beste sei herrialdetan eskatu du babes politikoa, baina ez dute jakinaraziko zeinetan, AEBen "oztopatze saiakerak" tarteko.

Etxe Zuriak, berriz, oraingoz ez du Venezuelaren erabakiari buruzko iritzirik eman, eta Estatu Sailari galdegin dio gaiaren inguruan zerbait esan dezan. Babes politikoa, lehenik, Ekuadorri eskatu zion Snowdenek, eta Joe Biden presidenteordeak eskaria ukatu zezala eskatu zion Ekuadorri.

Venezuelako oposizioko buru Henrique Caprilesek Maduroren erabakia "hauteskundeak lapurtu" izana "estaltzeko" hartu izana leporatu dio presidenteari: "Nicolas, babes politikoarekin ez duzu nazioartean estaliko hauteskundeak lapurtu zenituela: horrek ez dizu ez legezkotasunik emango, eta ez du balioko egindakoa ahazteko".

Nola egin bidaia?

Babes politikoa formalizatzen dutenean, Moskutik Venezuelarainoko bidaia nola egin asmatu behar dute orain. Izan ere, AEBk pasaportea baliogabetu zion Snowdeni. EFEren arabera, Europako diplomatikoek jakinarazi diote ez duela zertan pasaportea behar bidaiatzeko, eta Venezuelako dokumentu batekin nahikoa luke hara joateko. Dena den, AEBk garbi utzi dute hainbat herrialderi eskatu diotela Snowdenek bertan lur hartuz gero, ekiteko. Hori dela eta, kontu handiz pentsatu beharko dute nola egin bidaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.