mundua

Venezuelako Gobernuak Chavezen irudiak erakutsi ditu, bi hilabetetan lehenengoz

Ernesto Villegas Komunikazio arduradunak Venezuelako telebistari jakinarazi dio presidenteak kanula bat duela arnasa hartu ahal izateko, baina konortea duela.

2013ko otsailaren 15a
18:32
Entzun

Irudietan irribarretsu ageri da, ohean etzanda, bi alabak ondoan dituela eta Granma egunkaria eskuan duela. Atzo La Habanan ateratako argazkiak direla jakinarazi du Ernesto Villegas Komunikazio arduradunak. Venezuelako telebistari Villegasek jakinarazi dio presidenteak kanula bat duela arnasa hartu ahal izateko, baina konortea duela eta errekuperatu ahal izateko bere esku dagoena egiteko prest dagoela. Oraingoz hitz egiteko zailtasunak dituela jakinarazi du Komunikazio arduradunak, eta horregatik trakeotomia bat egin ziotela; horregatik du kanula bat jarrita. Baina infekzioa "kontrolatuta" dagoela gaineratu du.

"Egoera onean dago Chavez, funtzio intelektuala egoera bikainean du, gobernuko taldearekin komunikazio harreman estua mantentzen du eta bere karguko hainbat funtzio ere betetzen ditu", azaldu du Villegasek.

Abenduaren 11n egin zioten ebakuntza, Kuban. Urte hasieran Nicolas Maduro Venezuelako presidenteordeak esan zuen presidentea "indartsu" ikusi zuela. Hilda edo hilzorian zegoela zioten zurrumurruak, ordea, ugaritu egin ziren, eta Ernesto Villegas Komunikazio ministroak onartu zuen arnasa hartzeko "zailtasunak" izaten ari zela.

Urtarrilaren 14an berriro hitz egin zuen Villegasek, zurrumurruak eta kezkak baretu nahian: "Larri jarraitzen duen arren, azken egunotan hobera egin du". Geroztik haren osasun egoera gero eta hobea dela nabarmendu dute gobernuko ordezkariek. Urtarrilaren 26an, esaterako, Maduro presidenteordeak Chavezi egindako bisitan jakinarazi zuen "irribarrez eta baikor" topatu zuela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.