VENEZUELA

Venezuelako Gobernuak esan du Chavez osatzen ari dela baina fase "konplexuena" datorkiola

Elias Jaua Venezuelako Atzerri ministroak jakinarazi du auzitara eramango dutela 'El País' Espainiako egunkaria, Chavez zela esanez atzo argitaratutako argazkiarengatik.

2013ko urtarrilaren 25a
11:23
Entzun

Hugo Chavez Venezuelako presidentea osatzen ari da minbizia sendatzeko Habanan eginiko ebakuntzaz, baina orain gaixotasunaren "bataila konplexu eta saknonena" gainditu behar duela adierazi du Elias Jaua Venezuelako Atzerri ministroak. Kubara bisitan joan zaio Jaua Chavezi, eta hura ikusi ondoren egin ditu adierazpenak.

Astelehenean joan zen Kubara Jaua, eta ez du Chavezen osasunari buruzko xehetasun gehiagorik jakinarazi: "Sendagileek emango dute Chavez presidentearen osasun egoeraren berri". Jauak esan du "hainbat" bisita egin dizkiola egunotan. Atzerri ministroarekin batera joan da, besteak beste, Nicolas Maduro Venezuelako presidenteordea.

"Gai ekonomikoez, politikoez, PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuaren funtzionamenduaz eta datozen udal hauteskundeez hitz egin dugu Chavez presidentearekin", azaldu du Jauak. Bisita horietan hartutako erabakien berri Madurok emango duela zehaztu du.

Iazko abenduaren 10ean joan zen Chavez Habanara, minbiziari aurre egiteko laugarren ebakuntza egitera. Hain justu, atzo argitaratu zuen El País Espainiako kazetak argazki bat, azalean, Chavez zela esanez; gizon bat ageri zen, hainbat hodi sartuak zituela. Irudikoa Chavez ez zela jakitean azala aldatu eta barkamena eskatu zuen egunkariak, baina Venezuelako Gobernuak jakinarazi du auzitara eramango duela Espainiako kazeta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.