Venezuelako Gobernuak eta oposizioak bozetarako bermeak adostu dituzte

Bi aldeek negoziatu dute 2024ko bigarren seihilekoan egitea presidentetzarako hauteskundeak, eta nazioarteko behatzaileak izatea horiek gainbegiratzeko

PUDeko Gerardo Blyde —ezkerrean— eta Venezuelako Asanbleako presidente Jorge Rodriguez elkarri eskua ematen, Barbadosko hiriburuan. AN PRENTSA / EFE.
ander perez zala
2023ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Duela bost urte, Venezuelako oposizioko aliantza nagusiak, Batasun Demokratikoaren Mahaiak, erabaki zuen presidentetzarako bozetan ez lehiatzea eta boikoterako deia egitea, hauteskunde horiek «itxurakeria» zirela argudiatuta. Jarrera horrek eragin zuen, besteak beste, parte hartzea %46,07 izatea, eta PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuko Nicolas Madurok berriz ere irabaztea, babesen %67,84 bilduta. Estatuburua hautatzeko hurrengo hauteskundeak datorren urterako daude aurreikusita, eta, pixkanaka-pixkanaka, badirudi gobernua eta oposizioaren aliantza nagusia —orain PUD Plataforma Unitario Demokratikoan elkartua— bi aldeak asebeteko dituzten baldintzak finkatzen ari direla boz horietarako. Bermeak, behintzat, adostu dituzte, eta horrek atea ireki dio oposizioak 2024ko bozetan parte hartzeari.

Caracasek bidalitako ordezkaritza eta oposizioaren aliantza nagusiarena Barbadosen elkartu dira berriz ere egunotan —2021ean hasi zituzten negoziazioak—, eta, bilera sorta horretan, «denentzako berme elektoralak eta eskubide politikoak sustatzeko akordio partzial bat» adostu dute, atzo azaldu zutenez. Presidentetzarako hauteskundeak 2024ko bigarren seihilekoan egingo dituzte—ez dute data zehatzik aipatu—, eta horretan parte hartu ahalko dute «presidentegai guztiek, betiere legeak finkatutako baldintzak betetzen» badituzte.

Azken ideia hori garrantzitsua da bereziki PUDentzat, datorren igandean presidentegaia aukeratzeko primarioak egingo dituelako, eta hautagai izan nahi duten politikarietako batzuk inhabilitatuta daudelako. PUDen arabera, gobernuarekin egin duen akordioa «bide bat» da hautagai eta alderdi horiek «beren eskubideak laster berreskuratzeko» eta barne bozketa horretako hautagaien zerrenda «errespetatzeko»; hain justu, primarioetako faboritoa, Maria Corina Machado, inhabilitatuta dago.

Gobernuaren ordezkaritzak, ordea, berehala jakinarazi zuen bere interpretazioa bestelakoa dela, eta ez dagoela erabat ados oposizioaren aliantza nagusiak esandakoarekin. Jorge Rodriguez Venezuelako Asanbleako presidente eta Caracasek bidalitako ordezkaritzaren buruzagiak zera ohartarazi zuen: «Inhabilitatu bazaituzte, ezin zara hautagai izan». Horretaz harago, Rodriguezek ontzat jo zuen ituna, eta, batez ere, nabarmendu zuen «eraikitzen ari den akordio zabal baten lehen pausoa» dela.

AEBen zigor ekonomikoak

Bozez gain, Caracasen negoziazioetako helburuetako bat zigor ekonomikoen afera da. AEBek esana dute oposizioarekin ados jarriz gero horiek arintzeko edota erabat kentzeko aukera aztertuko zutela, eta badirudi atzoko itunak horretarako bidea ireki duela.

The Washington Post-en iragan astelehenean argitaraturikoaren arabera, Etxe Zuriak petrolioarekin zerikusia duten zigorrak arinduko lituzke; horri esker, PDVSA Venezuelako petrolio enpresa publikoak negozioak egingo ahalko lituzke AEBekin eta beste zenbait herrialderekin. Aldaketa behin-behinekoa litzateke, Washingtonek atzera egiteko aukera izan dezan, Madurok adosturikoa errespetatuko ez balu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.