Venezuela

Venezuelako Gobernuak iragarri du ez dela egingo presidentea kargutik kentzeko galdeketarik

Aristobulo Isturiz presidenteordeak nabarmendu du ezinezkoa dela erreferenduma egitea, ez dagoelako horretarako aski denbora. Oposizioak, berriz, mobilizazioak antolatu ditu asteazkenerako, "Konstituzioari errespetua" eskatzeko.

Nicolas Maduro presidentea larunbatean, Caracasen egindako kitaldi batean,. EFE
arantxa elizegi egilegor
2016ko maiatzaren 16a
08:18
Entzun

Giroa berotuz doa Venezuelan, egunak igaro ahala. Nicolas Maduro presidentearen agintaldiari buruzko galdeketa egiteari uko egiteak eragin du azken liskarra. Konstituzioak ahalbidetzen duen erreferendum hori baliatu nahi du oposizioak Maduro kargutik kentzeko. Baina Aristobulo Isturiz presidenteordeak ohartarazi du ez dela posible izango halako galdeketarik egitea, ez baitago "aski denbora" horretarako. "Haiek [oposizioak] badakite hemen ez dugula erreferendumik egingo, baina itxurak egiten ari dira; izan ere, prozedura gaizki eta berandu egiteaz gain, iruzurra ere egin zuten".

Oposizioko buru Henrique Caprilesek, berriz, mobilizazioetara deitu ditu herritarrak datorren asteazkenerako. "Gobernuak Konstituzioa errespetatu behar du", nabarmendu du Caprilesek, eta ohartarazi du galdeketa urtea amaitu aurretik egin ezean egoerak "eztanda" egingo duela.

Ordea, Hauteskunde Kontseilu Nazionalak du azken hitza auzi honetan, eta hark, orain arte, ez du erabakirik iragarri. Horiek hala, oposizioak ez dio utzi presio egiteari, erakunde galdeketa egiteko prozedura berehala has dezan. Horretarako lehen urratsa litzateke, hain zuzen, maiatzaren hasieran agintarien esku utzitako erreferendumaren aldeko bi milioi sinadurak egiaztatzea. Izan ere, zenbait iturriren arabera, gaur bertan hasiko da batzordea agiaztatze lanetan.

Ariketa militarrak

"Edozein testuingurutarako prest" egoteko agindua eman dio Madurok armadari, eta iragarri du datorren larunbatean "ariketa militarrak" egingo dituztela herrialde osoan. Caracasen eginiko agerraldian, "bakea oztopatu" nahia leporatu zion estatuburuak oposizioari. "Indarkeria giroa sortu nahi dute atzerriko indarrek esku hartzea zuritzeko".

Madurok salbuespen egoera ezarri zuen larunbatean, "estatu kolpearen eta gerra ekonomikoaren kontra borrokatzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.